NAIZ

Aniztasuna eta emakumeen presentzia handia, Aste Nagusi Pirataren musika egitarauan

21 musika taldek girotuko dute Flamenka gunea aurtengo Aste Nagusi Piratan. Aurkeztu berri duten egitarauan rock, pop, punk, ska, hip-hop, dancehall, reggae edota folk doinuak daude. Aurten, agertokietan sarritan murritza den emakumeen presentzia indartzea bilatu dute Donostiako Piratek.

Flamenka guneko artxiboko irudia.
Flamenka guneko artxiboko irudia.

Emakumeak oholtza gainera eramatea izan da Donostiako Piraten erronka musika egitaraua zehazterako orduan. Eta esfortzuek emaitza dakarte. Flamenkan arituko diren 21 taldeetatik 15etan, emakumeen presentzia dago ziurtatua: Ezten Giro, The Lizards, McOnak, Xavi Sarriá, Flaca, Alvva, Brava, Nizuri Tazuneri, Tribade, Izaki Gardenak, Grises, Skabidean, Gora Etorri, Liher eta The Baboon Show.

Aniztasuna izango da nagusi Flamenkako agertokian, gaur aurkeztu duten egitarauaren arabera. Talde gazteak, beteranoak, bertakoak edota kanpokoak igoko dira oholtzara. Musika estiloei erreparatuz ere, aniztasuna izango da nagusi: rock, pop, punk, elektronika, reggae edota folk doinuak izango dira entzungai.

Ohitura bihurtu duten moduan, erromeriarekin hasiko dute Aste Nagusi Pirata. Lasturretik datorren Ezten Giro taldeak irekiko du Flamenkako musika egitaraua. Bigarren gauean, igandean, ostera, punk, rock eta oi! doinuak izango dira nagusi Bartzelonatik datorren The Lizards taldea, Kaleko Urdangak bergararrak eta Europa osoan zehar biran ari diren Rude Pride madrildarren eskutik.

Astelehenean, abuztuak 12an, Abordatze egunean McOnak talde lekeitiarrak girotuko du Flamenka gunea arratsalde partean. Gauean, aldiz, Obrint Pas taldeko gitarra eta abeslari izandako Xavi Sarriá izango da taula gainean, bere bakarkako proiektu berrian.

Ze Esatek! talde gipuzkoarrak agertokiei agur esango die Flamenkan astelehenean eskainiko duen kontzertuan.

Asteartean, rap doinuak izango dira protagonista Bilbotik eta Donostiatik datorren Nizuri Tazuneri bikotearekin. Jarraian izango da Tribade, hiru emakumez osatutako Bartzelonako taldea. Azkenik, Sevillatik datorren Shotta rap-kantaria izango da oholtza gainean.

Asteazkenean, abuztuaren 14an, DJ-en txanda izango da: Flaca, Alvva eta Brava DJ ezagunak igoko dira Flamenkako oholtzara.

Ostegun gaua rock-folk gaua izango da. 2012an Gasteizen sortutako Izaki Gardenak taldea izango da taula gainean lehenengo. Jarraian, Madeleine taldea itzuliko da oholtzara eta bukatzeko, Zestoatik datorren Grises taldea izango da.

Ostiralean Skabidean ska-reggae talde iruindarra izango da, Skabidean & The Black Birds proiektu berria aurkezten. Bad Sound taldeak hartuko du lekukoa gero, eta, bukatzeko, Durangotik datorren Gora Etorri talde gaztea izango da.

Liher eta The Baboon Show taldeek itxiko dute larunbatean aurtengo Flamenkako musika egitaraua.

Kofradiak,  egitaru propiak prestatzen

Musika egitarauaz gainera, Donostiako Piratak mugimendua gorpuzten duten kofradiak ekimen ugari prestatzen ari direla ere aurreratu dute oharrean Donostiako Piratek.