Jon Ormazabal

Binakako txapeldunentzat lekurik ez sanferminetan

Ladis Galarza eta Jon Mariezkurrena dira uztailaren 7tik 14ra Labriten jokatuko den udako lehen feriako berritasunak.

Sanferminetako txapelketako parte hartzaileak, aurkezpenean. (Iñigo URIZ/FOKU)
Sanferminetako txapelketako parte hartzaileak, aurkezpenean. (Iñigo URIZ/FOKU)

Jakina da kirol irizpideak ez direla pilota enpresak bere txapelketa eta torneoak eratzerako orduan erabiltzen dituzten bakarrak eta udako lehen feria nagusia izango den sanferminetakoan gertutasunaren aldeko apustua egin dute. Hala, Binakako txapelketa nagusian txapela atera zuten Danel Elezkano eta Beñat Rezustak ez dute lekurik izango Iruñean aurkeztu berri duten lehiaketan.

Azken urteetako eskema errepikatuko da eta enpresa bakoitzak hiruna bikote aurkeztuko ditu, bi multzotan bereizita eta berrikuntza nagusiak atzealdean iragarri dituzte, Ladis Galarzak eta iaz garai honetan oraindik debutatu gabea zen Jon Mariezkurrenak euren lehen aukera izango baitute Iruñeko ferian.

Sei bikoteak bi multzotan banatuko dira; lehenengoan Olaizola II.a-Albisu, Bengoetxea VI.a-Imaz eta Irribarria-Martija arituko dira eta bigarrenean, aldiz, Urrutikoetxea-Mariezkurrena II.a, Altuna III.a-Ladis Galarza eta Ezkurdia-Zabaleta.

Bestelakorik esan izan den arren, feria guztia Labriten jokatuko da eta uztailaren 7ko lau eta erdiko finala Nafarroa Arenara eramateko aukera, momentuz, bazterrean geratu da.