NAIZ

Katalunia eta eskubideen aldeko martxa egingo du GEDek, hilaren 29an Arantzazun

«Procés»aren aurkako epaia bukatu berri delarik, Kataluniaren eta oro har eskubideen aldeko ibilaldia antolatu du Gure Esku Dagok hilaren 29rako (larunbata) Arantzazun. Urbiako zelaigunean mosaikoa osatuko du, preso politikoekin elkartasunez.

GEDeko kideek eginiko aurkezpena, ibilaldi honen kartela eskuan. (Gure Esku Dago)
GEDeko kideek eginiko aurkezpena, ibilaldi honen kartela eskuan. (Gure Esku Dago)

Kataluniaren alde etengabe egin du Gure Esku Dagok, eta orain Entzutegi Gorenaren epaia prestatzen ari dela, «oinarrizko eskubide eta askatasunen aldeko borrokan konpromiso irmoa» adierazteko ekimen berri bat deitu du. Hilaren 29an, larunbata, ibilaldia egingo dute Arantzazutik 10etan abiaturik, 12etan Urbiako zelaigunera heltzeko. Bertan mosaikoa osatuko dute, Kataluniako preso politikoen omenez, eta horretarako jantzi horiak eramatea eskatu du GEDk.

Aurkezpenean gogora ekarri duenez, jada 485 eta 611 egun egin dituzte preso Kataluniako agintari politiko eta zibilek, «erreferendum bat antolatu izanagatik, Kataluniaren estatus politikoaren inguruko erabakia herritarren esku jartzeagatik, alegia».

«Oinarrizko eskubideak larriki urratu dituen makroepaiketa amaitu berri da, baina ezin dugu ahaztu badirela beste hainbat eta hainbat kasu askatasun zibilak urratzen ari direnak», erantsi du Gure Esku Dagok, Altsasuko gazteen auzia eta irailetik aurrera epaituko duten presoekiko elkartasunarena zehazki aipatuz.

Roger Torrent Parlament-eko presidentearen hitzak bere egiten ditu GEDek, deialdi honetan: «Oinarrizko eskubide eta askatasunen aldeko borrokan konpromiso irmoa hartua dugu eta pauso bat bera ere ez dugu atzera egingo».