NAIZ

Aurrekontuak luzatzeko aukera izan badela aipatu du Pedro Azpiazu Lakuako sailburuak

2020rako aurrekontuei buruzko negoziazioa inoiz baino lehenago abiatu du Lakuako Gobernuak. Hurrengo astean Elkarrekin Ahal Dugu eta PPrekin bilduko da, eta uztailaren 2an EH Bildurekin. Hala ere, luzatzeko aukera aipatu du Azpiazuk Radio Euskadin.

 

Urkullu eta Azpiazu, EAJren Alderdi Egun batean hizketan. (Endika PORTILLO | FOKU)
Urkullu eta Azpiazu, EAJren Alderdi Egun batean hizketan. (Endika PORTILLO | FOKU)

Hurrengo asteazkenean PPren zein Elkarrekin Ahal Duguren ordezkariak hartuko ditu Pedro Azpiazu Lakuako Ogasun eta Ekonomia arloko sailburuak, hurrengo urterako aurrekontuez eztabaida irekitzeko. Eta astebete beranduago EH Bildurekin egingo du bilera, gaur baieztatu duenez. Gogoratu behar da iaz azken indar honekin izan zuela negoziazioa azken unera arte, baina ez zen akordiorik lortu. Baliteke orain berriz PPk behar duen sostengua ematea.

Egungo proiektua luzatzeko aukera ere ez du baztertu Azpiazuk gaur goizean Radio Euskadiri emandako elkarrizketan. «Teknikoki bideragarria da», adierazi du. Hala ere, lehen aukera akordio bat lortzearena dela zehaztu du. Bestela, legealdia azken bi aurrekontuak aurrera atera izan gabe agortuko zitzaion Urkullu Gobernuari.

Aipaturiko bilerak lehen kontaktu gisa kokatzen ditu Erkorekak. Honekin nolabait termometroa jarri nahi diote hiru talde horien jarrerari, eta irailean ekingo liokete berriz negoziazioari, oraindik urtea amaitzeko hiru hilabete faltako direlarik.

Aurrekontuen eztabaida hau hauteskundeak aurreratzeko aukerarekin estuki lotua da. Aldaketarik ez bada, legealdia 2020ko iraila arte luza dezake Urkulluk, baina akordiorik izan ezean lehenago izateko aukera indartuko litzateke.