Aimar ETXEBERRIA
DONOSTIA

Emakumezkoen lasterketa lehiatuko da Donostiako Klasikoan historian aurrenekoz

Donostiako Klasikoaren 39. edizioa izango da historiako parekideena. Izan ere, emakumezkoen lasterketa lehiatuko da aurrenekoz. Amaiera bera izango dute bi lasterketek, eta parekoak izango dira irabazleen sariak ere.

Eraso, Olaberria eta Ibabe, prentsaren aurrean. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Eraso, Olaberria eta Ibabe, prentsaren aurrean. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Donostiako Klasikoaren 39. edizioa aurkeztu dute ostegun eguerdi honetan Donostiako udaletxean. Bertan izan dira Martin Ibabe Donostiako Udaleko Kirol zinegotzia, Julian Eraso Donostiako Klasikoaren arduraduna eta Leire Olaberria txirrindulari ohia.

Ibabek aurreratu du berria: historian aurrenekoz, bi lasterketa izango ditu Klasikoak, emakumezkoena eta gizonezkoena. Historikotzat jo du nobedadea, eta nabarmendu du ibilbidea ere oso antzekoa izango dela bi kasutan. Izan ere, azken kilometroei erreparatuta Jaizkibel eta Murgil ageri dira bi lasterketen profiletan. Are parekideago egiteko mugarria, irabazleen sariak ere maila berekoak izango dira.

Olaberriak eman ditu emakumezkoen lasterketaren xehetasunak. 127 kilometroko froga izango da hauena, eta 2.693,3ko desnibel positiboari egin beharko dio aurre tropelak. 10.00etan abiatuko da emakumeen tropela, eta 13.25 eta 13.45 artean dago aurreikusia lasterketaren amaiera. Lau mendate gainditu beharko dituzte: Jaizkibel, Arkale eta Murgil (bi aldiz).

Guztira, 18 talde izango dira lehian. Eta izenik apenas aurreratu badu ere, Annemiek van Vleuten herbeheretarraren asistentzia baieztatu du. Nonbait, «oso egokitzat» jo du froga egun emakumezkoen tropelean erreferentzietako bat den txirrindulariak.

Gizonezkoen lasterketaren kasuan, berriz, lasterketaren amaieran ageri dira nobedadeak. 11.30ean abiatuko dira hauek, eta lanak 17.15 eta 17.45 artean amaitzea espero da. Emakumezkoek baino 100 kilometro gehiago egin beharko dituzte, eta desnibel positiboa ere bikoitza da.

Nobedade gisa, behin baino ez dute igoko Jaizkibel, 133,6. kilometroan. Ordea, bi aldiz igo beharko dute Murgil, lehenengo aldian Mendizorrotzeko gainera arte igoz. Zazpi kilometro eta erdi baino ez daude Murgilgo tontorretik helmugara. Aldaketa hauekin, amaiera «ikusgarriagoa» antolatu nahi izan dute, Erasoren esanetan.

World Tourreko 18 taldeak arituko dira lehian, eta lau talde gonbidatu izango dituzte: Euskadi Murias, Caja Rural, Burgos BH eta Cofidis.

Taldeen aurkezpenak, bai emakumezkoenak bai gizonezkoenak, bezperan egingo dira, elkarrekin.