NAIZ

Emakumezkoen San Fermin Torneoak bigarren edizioa beteko du aurten

Emakumezkoen San Fermin Torneoak bigarren edizioa izango du aurten. Pilotariak bi mailatan banatuta, finalerdiak Lizarran jokatuko dira eta finalak Iruñeko Labriten, uztailaren 13an.

Parte hartuko duten pilotarietako lau, Iruñeko aurkezpenean (EMAKUME MASTER CUP)
Parte hartuko duten pilotarietako lau, Iruñeko aurkezpenean (EMAKUME MASTER CUP)

Emakumezkoen esku pilotak ere izango du bere lekua Sanferminetan, konkretuki Lizarra eta Labriten artean jokatuko den Laboral Kutxa Emakume Master Cup San Fermin Torneoarekin. Bigarren edizioa izango du iaz hasitako lehiaketak, Nafarroako Gobernuak emandako bultzadari esker, eta gaur egungo pilotari onenetako batzuk bi mailatan lehiatuko dira, 18 urtez azpikoena eta maila nagusia.

Finalerdiak uztailaren 6an edo 7an jokatuko dira, erabaki gabe dago, Lizarrako Remontival pilotalekuan. 18 urtez azpiko finalerdiak hauexek izango dira: Leire Oskoz-Ane Mendiburu / Katixa Agorreta-Arrate Bergara, eta Eider-Salbide-Olatz Ruiz de Larramendi / Udane Vergara-Garazi Lasa. Nabarmentzekoa da maila horretan pilotari guztiak nafarrak izango direla.

Maila nagusikoak

Maila nagusiko finalerdiak, berriz, hauek dira: Amaia Jaka-Maite Ruiz de Larramendi / Miren Larrarte-Naroa Elizalde, eta Iera Agirre-Oihana Orbegozo / Andrea Aldaregia-Amaia Aldai.

Finalak uztailaren 13an, larunbatean, jokatuko dira Iruñeko Labrit pilotalekuan 11.30etatik aurrera, eta bi partidak ETB-k zuzenean eskainiko ditu.