Naiz
Donostia

Gipuzkoako zahar-egoitzetako langileek «zaintza martxa» abiatu dute Ategorrietatik

ELAk deituriko azken greba egutegiaren barnean dago Gipuzkoako hamaika eskualde zeharkatuko dituen ibilaldia. Sei etapa egingo dituzte hitzarmenaren alde eta «kalitatezko zaintza eredua» aldarrikatzeko.

Ategorrietatik abiatutako ibilaldia larunbatean bukatuko da. (@erresidentziak)
Ategorrietatik abiatutako ibilaldia larunbatean bukatuko da. (@erresidentziak)

Ekainaren 17an hasi zen ELAk iragarri zuen azken greba deialdia Gipuzkoako zaharren egoitzetan eta uztailaren 12ra arte luzatuko da. Honen barnean, astelehen honetan Donostiako Ategorrieta auzoan abiatu dute herrialdea zeharkatuko duen «Zaintza martxa», sei etapatan banaturik.

Grebalariek emakume izateagatik pairatzen duten soldata arrakala gaitzetsi dute. «Argi daukagu zergatik gertatzen ari den hau gatazka honetan, zaintza historikoki emakumeok egin dugun lana izan delako, etxean eta inongo soldatarik jaso gabe gainera», adierazi dute. Gaur egun gizonezkoak lanean ari diren sektore pribatizatuekiko %30eko soldata arrakala pairatzen dutela ere jakinarazi dute: «Urtean 6.000 euro gutxiago jasotzen dugu, emakume izate soilagatik».

Gipuzkoako zahar-egoitzetako eta eguneko zentroetako 5.000 langileren lan baldintzak arautzeko negoziazioaren defentsan ari dira sindikatuak eta kasu honetan, ELAk zehaztu du berak deituriko 70 greba egun bete dituztela dagoeneko. Era berean, gogorarazi du duela bi urte hasi zela hitzarmena sinatzeko negoziaketa eta, gaur gaurkoz, «egoera hankaz gora» dagoela kexatu da. 

Duela hilabete bat ELAk patronalarekin lortu zuen akordioa Gipuzkoako Aldundian bere gain hartzea da greba txanda berriaren «helburu argia», sindikatuak berak ohartarazi legez.