Bera Bera eta Zuazoren arteko derbia jokatuko da denboraldiko lehen jardunaldian

Partida hori Donostian jokatuko da eta 22 jardunaldiko egutegi laburrari hasiera emango dio irailaren 7ko asteburuan.

Asier AIESTARAN|2019/06/25 12:13
Eskubaloia
Derbiak emango dio hasiera denboraldiari (Andoni CANELLADA / FOKU)

Gaur goizean egin da Espainiako Eskubaloi Federazioaren egoitzan emakumezkoen Ohorezko Mailako datorren denboraldiko egutegiaren zozketa, eta emaitza kuriosoa izan da parte hartuko duten bi euskal taldeentzat: Super Amara Bera Bera eta Hotel Gran Bilbao Prosetecnisa Zuazo elkarren aurka jokatuz sartuko dira lehiaketan.

Izan ere, lehen jardunaldian derbia jokatuko dute Donostian, printzipioz Bidebietan, irailaren 7ko asteburuan. Itzulerako derbia, beraz, bigarren itzuliko lehen partida izango da bientzat, hamabigarren jardunaldian, otsaileko lehen asteburuan.

Haiz zuzen ere, horixe da datorren denboraldiko aldaketa nabarmenena: Liga hamalau talde izatetik hamabi izatera pasako da, eta guztira 22 jardunaldi bakarrik izango ditu.

Talde bakoitzak helburu desberdinak dituenez, egutegian gorriz egun desberdinak margotuko ditu. Bera Beraren kasuan, esaterako, Rocasa eta Guardesen aurkako neurketak bereziki garrantzitsuak izango dira, eta biak denboraldi amaieran iritsiko zaizkio. Kanariar irletara abenduko azken asteburuan bidaiatu beharko du eta itzulerako partida maiatzaren 9ko asteburuan jokatuko da. A Guardara, berriz, urtarrila amaieran bidaiatuko du talde donostiarrak eta galiziarrek azken jardunaldian bisitatuko dute Bidebieta.

Liga maiatzaren 23ko asteburuan amaituko da eta Zuazok etxetik kanpora jokatuko du azken dema, Porriñoren pistan.