naiz

Bero lamadak 40 graduko tenperaturak utziko ditu Euskal Herriko barnealdean

Afrika aldetik iritsitako bero lamada batek gogor joko du Euskal Herria datozen egunetan. Dagoeneko tenperatura altuak ditugun arren, bihartik aurrera antzemango dira batez ere. Erriberan ezarrita dagoen alerta naranja, Euskal Herriko txoko guztietara zabalduko da ostegun eguerditik aurrera.

Beroari aurre egiteko hondartza aukera bikaina da. (Gorka RUBIO / FOKU)
Beroari aurre egiteko hondartza aukera bikaina da. (Gorka RUBIO / FOKU)

Aemetek abisu «berezia» ezarri du bihartik hasita uztailaren lehena bitarte, bero bolada handi bat dela-eta. Jakinarazi dutenez, hau bereziki antzemando da Nafarroako hegoalde eta erdialdean, non termometroak 40 gradutik gorako tenperatura erakutsi dezakeen. Hori gutxi balitz, gauez, baxuenak ez dira 25etik jaitsiko Erriberan eta 20tik Nafarroako beste toki askotan.

Iruñean ere 40 graduen ingurura iristea aurreikusten dute. Hori dela-eta, dagoeneko Erriberan ezarrita dagoen alerta laranja Nafarroa guztira zabalduko dute bihar.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, aldiz, abisu horia dago bihartik aurrera eta 38 grado inguruko tenperaturak espero dira barnealdean. Kostaldean ez da hainbeste igoko, baina 30etik gorakoak ere ikusiko dira itsasertzean. Hala, barnealdean ere alerta naranja izango da ostegun eguerditik aurrera.

Bihar, baina, 19:00etatik aurrera galernak sortu daitezke eta honek 8-10 graduko tenperatura jaitsiera ekar dezake. Hau dela-eta abisu horia ezarri dute itsasoan ere.

Abisua uztailaren 1era bitarte luzatu duten arte, ezin izan dute zehaztu hortik aurrera zein joera hartuko duen.

Honen aurrean, hainbat gomendio zabaldu dituzte Instituzio ezberdinetako Osasun departamentuek. Hala, ura edo likidoa maiz edatea, egarririk izan ez arren, ordurik beroenetan ahalegin fisiko handirik ez egitea eta eguzkirik ez hartzea. Etxe barruan, berriz,, dutxa hotzak hartzea, egunean zehar leihoak ixtea eta tenperatura jaisten denean zabaltzea, eta aire girotua edo haizagailua erabiltzea eskatu dute.

Joxe Landak NAIZen webgune berezian azaldu duenez, «giro goxo eta atsegina» aurreikusten da kosta partean, baina barnealdean «beroegi» hainbat egunetan zehar, Afrikatik iritsitako bero lamada dela-eta.