naiz

Euskaraz jarduteko «ezintasuna» zerbitzu eta jarduera guztietan islatzen dela iritzi du Behatokiak

‘Hizkuntza Eskubideak Euskal Herrian 2018an’ txostena aurkeztu du Behatokiak. Bertan ondorioztatu dutenez, «euskaraz jarduteko ezintasuna mota guztietako zerbitzu eta jardueretan islatzen da», oraindik ere. Hala, euskal hizkuntza erabiltzeko «aukerak ziurtatzea» botere publikoei dagokiela adierazi dute, «udal eta herriko etxeen eremuei» dimentsio berezia emanez.

‘Hizkuntza Eskubideak Euskal Herrian 2018an’ txostena aurkeztu du Behatokiak.
‘Hizkuntza Eskubideak Euskal Herrian 2018an’ txostena aurkeztu du Behatokiak.

Bilbon eman du Garbiñe Petriati Ijurra zuzendariak ‘Hizkuntza Eskubideak Euskal Herrian 2018an’ txostenak jasotzen duen edukiaren berri. Paul Bilbao Kontseiluko idazkiari nagusia bertan izan da ere.  Gogora ekarri du txostena herritarrek Euskararen Telefonoaren bitartez eta Akuilari aplikazioaren bitartez Behatokiari helarazten dizkioten bizipenekin osatzen dela. «Izan kexa edo zoriona».

«Euskararen lurralde osoko euskal hiztunek administrazio publikoaren eremu eta maila guztietan ikusi dute galarazita euskara askatasunean erabiltzea: osasun zerbitzuetan, segurtasun arloan, justiziaren eremuan, administrazio guztien jarduera orokorretan, hezkuntzan, aisialdian, komunikabideetan... baita kontsumo harremanetan ere».

«Espainiar Estatuko Administrazioaren joera Konstituzioak ezartzen duen gaztelania ezagutzeko derrigortasuna herritarren eskubideen gaintetik jartzen segitzen du» adierazi du Petriatik. Frantziar Estatuari dagokionez, hezkuntza sistemari jarri dizkion trabak nabarmendu ditu: «Ikasleek brebeta eta baxoa euskaraz pasatzeko oztopoak, ikastoletan lanpostuen murrizketak, hezkuntza publikoko sisteman euskarararen irakaskuntzaren aukerak mehatxupean postuen murrizketak direla edo postu berriak irekitzea eragotziz».

Bestalde, Nafarroan, 2018an egin diren lan deialdietan aurrerapausori ez dela eman adierazi du. «Are okerrago, sistematikoki ez da puntuatu euskara eremu euskalduna deiturikoan aleman, frantsesa en ingelesa baloratu baina euskara ez». EAEko erakundeek ere «ez dute herritar guztien aukera berdintasuna bermatu». adierazi dute.

Administrazio zerbitzuetatik kanpo ere kezka azaldu du Petriatik ingelesak eta atzerriko beste hizkuntzak  gero eta presentzia handiagoa dutelako eta euskara «ikusezin» bihurtzen ari delako. «Bai proiektu edo egitasmoei izena jartzeko orduan, bai eta turismoa erakartzeko unean ingelesa erabiltzeko ohitura hedatzen ari da».

Bilbaok, bere aldetik, udalek eragiten dituzten «urraketan» jarri du fokoa. Honen aurrean, Kontseiluak udazkenean «ekarpen propositiboa» egingo duela jakinarazi du, «neurri zehatzekin». «Uste dugu borondatea egonez gero eta udalek dokumentu horri erreparatuz gero, hurrengo urtean Behatokiak beste argazki bat egin ahal izango duela».