Maider IANTZI
DONOSTIA

Euskal Herriko eta Kataluniako lau biktima elkartuko ditu Foro Sozialak Bartzelonan

Albisteen eguneroko zurrunbilotik atera, eta 2018-2019 ikasturteko balantzea egin du Foro Sozial Iraunkorrak. Bestetik, datorren astelehen eta asteartean Bartzelonan eginen duen ekitaldi baten berri eman du. Euskal Herriko eta Kataluniako lau biktima elkartuko dira bertan.

Agus Hernan, Nekane Altzelai eta Tasio Arrizabalaga, Foro Sozialeko ordezkariak. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Agus Hernan, Nekane Altzelai eta Tasio Arrizabalaga, Foro Sozialeko ordezkariak. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Kurtso honen hasieran, erronka nagusi bat ezarri zion Foro Sozial Iraunkorrak bere buruari: «Gure herrian bizikidetza demokratiko bat eraikitzeko oinarriak finkatzen hastea, giza eskubideen eta bakearen kultura erreferente izanda». Ikasturte hasiera hartan eragin handia izan zuen armagabetze zibilak eta ETAren desegiteak, baita Pedro Sanchez espainiar Gobernura heltzean piztu zen esperantzak ere.

Indarkeriaren adierazpen orotako biktima guztien aitortzaren alde lan egiten du Foro Sozial Iraunkorrak eta lan horren baitan makina bat ekimen eta topaketa antolatu ditu ikasturte honetan.

Ekimenen artean ‘Entzunaz bizikidetza eraiki’ nabarmendu dute, indarkeria ororengan atentzioa jartzeko beharra aldarrikatzeko helburua duena. Nekane Altzelai eta Agus Hernanek Donostiako agerraldian zehaztu dutenez, zortzi topaketa egin dituzte proiektu honetan; bederatzigarrena datorren astearen hasieran izanen da, Bartzelonan.

Kristina Gete, Leire Gallastegi eta Miren Azkarate Donostiako Emakumeen Etxean elkartu ziren egun batean; bertze batean, Rosa Lluch eta Ane Muguruza, Bilboko Deustuko Unibertsitatean; Ibon Garate eta Rosa Lluch ere bildu ziren, eta Maria Jauregi eta Peru del Hoyo, baita Jone Artola, Patri Romero, Pablo Martinez eta aurten zendutako Isidro Murga ere.

Azpimarratu dutenez, Foro Sozial Iraunkorra ez da mota honetako elkarrizketa publiko eta pribatuak bideratu dituen eragile bakarra: biktimek berek sarri erakutsi dute bidea, eta erreferente dira Glencree prozesua (mugarri bat markatu zuena); Sareren urriaren 19ko manifestua; Etxeratek martxoan kaleratu zuena; ETAren 49 biktimek sinatutako iritzi artikulua; eta berriki Gasteizko Legebiltzarrean aho batez onartutako ekimena, torturaren biktimen babeserako nazioarteko eguna modu ofizialean ospatzea eskatuz.

Bihotzez eskertu dituzte ekarpen horiek guztiak, eta bereziki biktimen jarrera txalotu dute. Beren aldetik, biktimen arteko elkarrizketarako eremu horiek sustatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dute. «Ziurtasun osoa dugu gure herrian bakea eta giza eskubideak oinarri dituen kultura berri baten eraikuntzan murgilduta gaudela. Eta pilatzen ari garen esperientzia horiek guztiek ahalbidetzen digute modu kolektiboan gero eta pertsona hobeak izatea, solidarioagoak eta enpatikoagoak», adierazi dute Altzelai eta Hernanek.

Bartzelonako topaketa

Tasio Arrizabalagak kurtso honetako Foro Sozial Iraunkorraren agenda borobilduko duen Bartzelonako ekitaldiaren berri eman du. Justu bertako Udalak ‘Euskal Herriko bakearen aldeko Deklarazioa’ onartu zuenetik urtebetera eginen da, heldu den aste hasieran.

ETAren indarkeria jasan zuten Kataluniako Roberto Manrique eta Rosa Lluch, eta Euskal Herriko Axun Lasa (GALen biolentzia eta tortura jasandakoa) eta Andoni Txasko (Poliziaren indarkeriaren biktima) bilduko dira, astearte arratsaldean, Kazetarien Eskola Ofizialean. Helburu nagusia honakoa izanen da: «Euskal bake prozesuak eta etorkizuneko elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzak Estatuko beste lurralde batzuetan ere babes sozial zabala izatea».

Astelehenean, Legebiltzarrean ordezkaritza duten talde politikoekin elkartuko dira. Foro Sozial Iraunkorrak eta Institut Català Internacional per la Pauk (ICIP) elkarrekin antolatutako ekimena da.