naiz

«Preso politikoak» terminoa erabiltzeagatik Poliziak Ahotsari jarritako salaketa artxibatu dute

2018an zabaldutako bi albisteetan «euskal preso politikoak» terminoa erabiltzeagatik espainiar Poliziak Ahotsa komunikabidea salatu zuen Entzutegi Nazionalean. Azken honek, baina, salaketa artxibatu du, hitz hauek adierazpen askatasunaren barruan kokatuz.

Iazko sanferminetan deklaratu behar izan zuen Ahotsa hedabideko kideetako batek. (AHOTSA)
Iazko sanferminetan deklaratu behar izan zuen Ahotsa hedabideko kideetako batek. (AHOTSA)

«Terrorismoa goratzea» leporatu zion espainiar Poliziak Ahotsa.info-ri pasa den urteko uztailan, 2018an bi albisteetan «euskal preso politikoak» terminoa erabiltzeagatik. Komunikabide nafarraren lehendakariak polizia aurrean deklaratu behar izan zuen eta bertan Ahotsaren lan informatiboa eta adierazpen askatasuna defendatu zituen.

Jaur jakinarazi dutenez, espainiar Auzitegi Nazionalak salaketa artxibatzeko erabakia hartu du. Epaian, «euskal preso politikoak» terminoa erabiltzea delitua ez dela ebatzi du Entzutegi Nazionalak, baita biktimekiko mespretxurik ez dagoela ere. Adierazpen askatasunaren mugen barruan kokatzen ditu hitz hauek.

Ahotsak, ohar baten bidez, «poza» adierazi du erabaki honen ondotik. «Hasieratik salatu egin dugunez, espainiar Poliziaren salaketaren helburua komunikabide honen jarduna eta lan informatiboa oztopatzea zen. Agerian geratu da, berriz ere, komunikabide honekiko duen obsesioa. Deliturik ez dagoen albiste bat erabili nahi izan dute Ahotsa.info kriminalizatzeko, gure jarduna baldintzatzeko eta gure kideak beldurtzeko».

Ebazpen honen ondotik lanean jarraitzeko asmo irmoa azaldu dute eta «nola ez, euskal preso politiko eta euren senideen eskubideen urraketen inguruko informazioak zabaltzen segitzeko».