A63 eta A64 maiz baliatzen dituzten auto gidariek bidesari apalagoak ordaindu ditzakete

Euskal Elkargoak eta ASF autobide sareko arduradunek erdietsi duten kolaborazio akordioaren arabera, heldu den urritik landa hilabetero 20 bidaia (esaterako, 10 joan-etorri) gutxienez eginen dituzten auto zein motor erabiltzaileek bidesari erdia ordaindu dezakete. Horretarako, A63 autopistaren euskal eremua (Biriatu eta Baiona artean) eta A64 autobidearena (Samatzetik Hiribururaino) hiri saihesbide gisa hartuko dituzte tarifa bereziak ezarriz.

Maite UBIRIA|BAIONA|2019/06/28
A63-baiona
Baionako sartu-irteeretan auto kopurua apaltzea xede du egitasmoak. (Guillaume FAUVEAU)

Izan ere, prezio apalagoak ordaindu nahi badituzte gidariek Ulys 30 (Vinci-autoroutes kudeatzaile pribatuak dagoeneko gaur egun eskaintzen duen abonamendu mota) egin beharko dute.

Handik aurrera teleordainketa sistemaren bidez astero zazpi egunez ahal izango dute A63 eta A64 autopistetako euskal eremuan ibili prezio erdia ordainduta.

Hilero ordaintzen den fakturak gutxienez hogei bidaia ( esaterako, 10 joan-etorri) jaso ezkero, erabiltzaileari %30eko beherapena ezarriko dio ASFk eta prezio apaltze horren beste %20a Euskal Elkargoaren Mugikortasun Sindikatuak hartuko du bere gain.

Egitasmoak hainbat kritika piztu ditu, garraio partikularraren erabilpena mugatu ordez horren kostua apaltzera jokatuz Euskal Elkargoak hautu hori babesten duelakoan.

ASF-Vinciren aldeko abantailak

Era berean, frantses autopista sarea entitate pribatu batek kudeatzen duela ezin da ahantzi.

ASF-Vincik hasieratik abantailak aterako dituela aurreikusi daiteke. Ulyses 30 abonamenduaren baldintzak atxikiz -dagoeneko prezio %30 apalagoak eskaintzen dizkiete gaur gaurkoz 20 bidaia egiten dituzten bezeroei, erabiltzaileen kopurua handitu dezaketelako, baina, batez ere, Euskal Elkargoarekin sinatu duten partaidetzari esker harpidetza sistema zabalduko duelako, bezeroak betikotzeko urrats handia emanez.

Ikusteke dago, gainera, teleordainketa sistema hobetzeko beharrezko den inbertsioa nola banatuko den akordioaren bi partaideren artean.

650.000 euro

Orotara Iparraldeko erakundeak 650.000 euro ordainduko ditu urtero Lapurdi hiriburuko sartu-irteeretan egunero gertatzen diren auto pilaketak saihesteko xede duen egitasmo horrengatik.

Euskal Elkargoaren aurreikuspenen arabera, egunero Aturri ibaia gaindi errepide sare arrunta baliatzen duten 90.000 gidarietatik heren batek hartuko luke autobidearen prezio apaltzeari esker.

Lapurdiko hiriburuan puntako orduetan gertatzen diren trafiko arazoak saihesteaz gain, Angelu eta Biarritzeko eremuetan ere ibilgailu partikularren erabilpena mugatu nahi du Euskal Elkargoak.

Horrendako, Euskal Elkargoak urtebetez esperimentazioa garatuko du. Hau da, egitasmoaren bilana eginen du 2020ko udazkenean eta horren arabera beste hainbat urrats egin ditzake, hala nola, autoa partekatzeko edo garraio publikoa hartzeko ohiturak sustatzeko neurri pizgarri berriak ezarriz. Bide batez, mugimendu ekologistaren kritikak uxatuz.

Egunero batez beste 40.000 autok zeharkatzen dute Landetako Ondresetik Biriaturaino doan A63ko autopista tartea. Gutxi gorabehera auto kopuru bera jasotzen du RD810 (bidesaririk gabeko errepidea) Donibane Lohizune edo Biarritzeko sartu-irteeretan, hala nola udako hilabetetan. 

 

NAIZ
Loading player...


KONPROMISOA, ERANTZUKIZUNA, ZORROZTASUNA

 

Elene CARRETO - FOKU
Loading player...


Konfinamenduaren erronketako bat da geure buruak eta gorputzak zaintzea. Bide horretan, martxoaren 30etik aurrera, NAIZek zumba saioak eskainiko ditu egunero, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari durangarraren eskutik.