NAIZ

Musikaire jaialdia, kulturen, jatorrien eta kultur adierazpideen udako mazedonia

Mazedonia baten modukoa da, antolatzaileen hitzetan, Elorrioko Musikaire jaialdia, Kultur adierazpideetan zein artisten jatorrian aniztasuna bilatzen duena. Hala, ostiralean hasi eta uztailaren 28ra bitartean, Joseba Tapia, Ray Fernandez, Maureen Choi, Izaki Gardenak edota Yllanaren proposamenek hartuko dute Elorrio.

Jaialdiaren aurkezpena, Elorrion. (NAIZ)
Jaialdiaren aurkezpena, Elorrion. (NAIZ)

Uztailean izango da zer ikusi eta ikasia Elorrion. Urtero legez, Musikaire jaialdiak denetariko kultur adierazpideei egingo die leku herria kulturen topagune bilakatzeko. Musikaire, ororen gainetik, kulturen, jatorrien eta kultur adierazpideen mazedonia da antolatzaileen hitzetan eta hala agerrarazten du ostiralean abiatuko den jaialdiaren egitarauak.

Etxeko proposamen batekin abiatuko da Musikaire. Joseba Tapiak ‘Vint Anys’ kontzertu berezia ekarriko du plazako elizpera. Bertan, herri musika «berri eta duina» proposatuko dio ikusleriari, trikitia eskuartean hartu eta folkaren arrimoan. Kantu berriak eta berrituak, bietatik bilduko ditu ikusleria kantuan jartzea bilatzen duen kontzertuak.

Euskal Herritik Malira jauzi eginda, larunbatean Mali eta Kubako musikak ekarriko ditu Las maravillas de Mali orkestrak. 1964an sortu zen taldea, zenbait malitar bekadun La Habanara musika ikastera joan zirenean: euren erro erritmoak baztertu gabe, kubatar musikaren eta folklorearen eraginak jaso eta oholtzaratzen dituzte.

Uztaileko bigarren asteburuan Lariz jauregiak hartuko ditu ekitaldiak. 12an, ostirala, Garikoitz Mendizabal txistularia Xabi Zabala eta Kaabestri Ensenblerekin ariko da: txistuaren tradizioa estetika ezberdineko proposamen musikalekin nahastuko dute. Hilak 13an jazza izango da protagonista, Arturo O’Farrill eta Antonio Lizanarekin. Lehena, hiru Grammy sariduna, latin jazzaren ordezkaria da; bigarrenak ere badu bere Grammya, eta jazza eta flamenkoa lotzen egindako lanagatik da ezagun. Hilaren 14an Ray Fernandez trobadore kubatarraren txanda izango da.

Bluesetik dantza garaikidera

Bluesa eta jazza ekarriko ditu hurrengo asteburuak. 19an, ostirala, Robert Smith Bluesband hartuko du Tola jauregiak. Oholtza gainean daramatzan 40 urteekin, Herbehereetako blues musikaren erreferente nagusienetakoa da Smith. Uztailaren 20an, leku berean, jatorri korearreko Mauren Choi biolinjolearen laukotea ariko da: folklorea, flamenkoa eta jazza uztartzen ditu.

Eta igandean, hilak 21, dantza garaikideko erakustaldia izango da plazan: Mey-Ling Bisognoren ‘Shojo’ (mangako Shojo pertsonaiean oinarrituta, perkusio japoniarra, rocka eta musika elektronikoa uztartzen ditu), Lasalaren ‘Fight’ (gizakiak borrokarekin duen harreman primitiboan sakontzen du), Amaia Elizaranen ‘Block’ (gorputzen artean sortzen diren blokeo eta kontrako indarrez dihartu) eta Arima konpainiaren ‘Sustraiak’ (nortasunaren egituraketa du aztergai) dantza garaikideko piezak ikusi ahalko dira.

Eta rocketik mikroantzerkira

Uztailaren 26an, plazako elizpera itzuliko da Musikaire, Izaki Gardenak-en kontzertuarekin. Jon Basagurenek gidatutako taldeak folk eta rock klasikoa jorratzen du eta ‘Dena oskol’ azken diska besapean duela etorriko da Elorriora; rock gordinagoa, soula eta psikodelia biltzen ditu lan berriak. Antzerkiaren txanda izango da hilaren 27an. Yllanak ‘The ópera locos’ aurkeztuko du plazako elizpean; opera eta komedia batzen dituen lana da.

Musikairek hilaren 28an agurtuko du aurtengo edizioa, Casa Jara jauregian, mikroantzerki saioarekin. Hiru lan ikusi ahalko dira: Kamikaz kolektiboa eta Ttak Teatroaren ‘Agur eta dolore’, Paganini konpainiaren ‘Lolipop’ eta Teresa Calok zuzendutako ‘La plancha o la vida’.

Proposamenak nahi beste daude, aukeraketa egitea norbere esku geratzen da.