Euskaldunak lehen mundu biran, Elkanotik harago

Juan Sebastian Elkano eta bere tripulazioko kideek munduari itzulia eman ziotenetik 500 urte betetzen diren honetan, asko ari da hitz egiten Elkanoren inguruan, baina gutxitan aipatzen dira espedizio kide izan zituen euskaldunak. Daniel Zulaikak heldu dio gaiari.

Amalur ARTOLA|DONOSTIA|2019/07/04 15:55
Elkano
Zulaika, gaurko solasaldian. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Donostiako Miramar jauregiak hartu du, EHUren Uda Ikastaroen barnean, Elkanoren inguruan egiten ari den kongresuan Daniel Zulaika mediku eta Elkano 500 fundazioko kideak eskaini duen solasaldia. ‘Euskaldunak eta lehen mundu bira’ izenpean, Zulaikak adierazi du euskaldunak «beharrak bultzatuta» murgildu zirela itsasoan, ez berariaz lur berriak ezagutzeko nahiak bultzatua.

«Elkano haurra zenean artean produktu amerikarrak iristeke zeuden, ez zuten patata eta artorik, adibidez, eta ingurune latz horri aurre egiteko jo zuten itsasora», aipatu du Zulaikak.

Colonek Amerikaren berri eman ostean Sevilla «munduaren erdigune» bilakatu eta hainbat izan ziren bertaratu ziren euskaldunak. Postu nabarmenak izan zituzten askok, esaterako Kontratazio Etxean lan egiten zuen Juan Lopez de Rekalde azpeitiarrak: aipatu erakundeko hiru ofizialetako bat izan zen.

Magallanes-en espedizioa atontzen ere hartu zuten parte hainbat euskaldunek. Domingo de Otxandiano durangarra zen ordainketak bideratzen zizkiona, eta Nicolas de Artieta lekeitiarra Bilbon espediziora eramango zituzten armak erosteaz arduratu zena.

Espedizioan 31 euskaldunek hartu zuten parte: 9 gipuzkoarrak, eta 22 bizkaitarrak. «Bizkaiak ekarpen handia egin zuen lehen mundu biran, marinelak, itsasmutilak, morroiak… ziren eta baita arotzak ere», zehaztu du Zulaikak, espedizioan parte hartu zuten bost ontzietatik hirutan (San Antonio, Concepcion eta Victoria naoetan) arotzak euskaldunak zirela nabarmenduz.

Herrikideen arteko batasuna

Haien artean ahaidetasun harremana bazegoela ere aipatu du eta horrek, espedizioan zehar izan zuten giro traketsak sustatuta (tripulazioko kideen arteko liskarrak, erasoak eta matxinadak izan ziren, besteak beste), euskaldunak elkarri lotuta ibili ohi zirela azaldu du. «Giroa txarra zela ikusita, Elkano, Juan de Acurio eta Domingo de Yarzak elkarri boterea eman zioten, etor zitekeenaren beldur», jarri du adibidea.

Etorri zena ezadostasunak medio Magallanesek Elkano kargugabetu zuela izan zen: urtebete eman zuen «egoera makalean», harik eta Magallanes hil eta kapitain bilakatuta espedizioaren agintaritza hartu zuen arte.

Brunei-ra iritsita ere euskaldunen arteko loturak jarraitu egin zuen. Elkano eta Domingo de Berrueta izan ziren Bruneiko sultanaren aurrera agertu zirenak. «Bruneiren ostean, desagertu egin zen Domingo, eta inork ez zuen jakin zer gertatu zen harekin».

Elkanoren izaera eta heriotza

Elkanoren beraren heriotza ere ez dago argi. Tripulazioko kide gehienak eskorbutoak eraginda hil baziren ere, Elkano ziguaterak (arrezifeetako arrainak jateagatik sortutako intoxikazioa) hil zuela esan izan da. «Egia da bost edo sei hilabete lehenago arrain hori jan zuten guztiak hasi zirela hiltzen, eta intoxikazio horrekin lotu zuten. Baina banan-banan eskorbutoak eraginda berrogei pertsona hil ziren, eta zentzuzkoena da pentsatzea Elkano ere hala hil zela».

Solasaldia itxi aurretik, Elkanoren izaera ere izan du hizpide Zulaikak. Bere hitzetan, une honetan Elkano «heroia edo genozida» izan zen eztabaidatzen ari bada ere, berak ororen gainetik «ekintzailea» izan zela uste du. «Hogeita bi urte eskasekin kostalde afrikarrera joan zen negoziatzera, ontzi bat erosteko finantzazioa lortu zuen… Egoera makalei aurre egiten ere bazekien, Magallanesek degradatu zuenean urtebete eman baitzuen aukera berria noiz sortuko zain», esan du.

Tripulazioko kideekin zuen jarrera ere gainontzeko kapitainekiko «ezberdina» izan zela aipatu du. «Entzun egiten zituen, bere gizonekiko ardura zuen, eta kasu egiten zien. Cabo Verden lurrera itzuli nahi izan dutenean, adibidez, onartu egiten du eskaria. Eta, Sanlucar-era iritsi bezain laster, han preso geratu ziren hamahiru gizonen berri eman zuen».

«Elkano gizon modernoa da, egungo ekintzaile askoren gisakoa», egin du parekidetasuna, eta, amaitu aurretik, eskaria ere egin du: espedizioan parte hartu zuten euskaldunen inguruan ikerketa zabalagoa egin beharko litzatekeela uste du.