Naiz
Bilbo

Oxido kuprosoaren lurreko tratamendua eraginkorra dela uste du egurgintza sektoreak

Baskegurreko zuzendari Oskar Azkaratek adierazi du oxido kuprosoaren lurreko tratamendua eraginkorra izaten ari dela eta banda marroiaren gaixotasuna ez dabilela zabaltzen iazko abiadura azkarrean.

Oiz mendiaren magalean gaixorik dauden intsinis pinuen iazko irudia.(Aritz LOIOLA/FOKU)
Oiz mendiaren magalean gaixorik dauden intsinis pinuen iazko irudia.(Aritz LOIOLA/FOKU)

Baskegurrek ostiral honetan Bilbon egin duen asanbladan eta bertan ospatu den Baskegur Egunaren baitan egin dute balorazioa egurgintza sektoreko arduradunek. Oskar Azkarate zuzendariaren aburuz, oraindik ere sektorea egoera «konplikatu» batean dago azken urtean intsinis pinuetan hedatu den banda edo xingola marroi gaitzaren ondotik. Hala ere, adierazi du aurtengoan hedapena ez dela hain azkarra izaten ari, iazkoarekin alderatuz, eta oxido kuprosoarekin lurretik egiten ari diren tratamendua «eraginkorra» izaten ari dela gaineratu du.

Gaixotasun honek buruhauste ugari sortu zituen iaz, Azkaratek onartu legez, lantzen den egurraren %81 intsinis pinutik ateratzen baitute, eta EAEko baso-landaketen %32 suposatzen du konifero mota honek. Iazko datuen arabera, intsinis pinuek okupatzen duten masaren %36ari eragiten dio gaixotasun honek. Oraindik ez dute zabaldu aurtengo daturik.

Oxido kuprosoaz gain, bestelako tratamenduekin probak egiten dabiltzala ere aurreratu du. «Innobandas» da trataera berrietako bat, eta gaixotasunaren hedadura gelditzeko produktu ezberdinek duten gaitasuna eta iraunkortasuna aztertu nahi da. Horietariko bat jada ezaguna den oxido kuprosoa da baina, adierazi dutenez, olio esentzial, landare eta bioestimulatzaileekin ere probak egiten dabiltza, Nafarroa eta Kantabriako egurgintza sektoreko eragileekin elkarlanean.

Eukaliptoaren hedapena

Banda marroiaren gaixotasuna ez ezik, eukaliptoa ere hedatzen ari da gure paisaian. Honengatik ere galdetu diote Azkarateri eta honen ustez, «denetarik areagotu» da: «Eukaliptoaren landaketa hazi da, baina baita beste mota batzuetako koniferoena ere». Era berean, araudi zehatzik ez dagoenez, lurjabe bakoitzak nahi duena egin dezakeela defendatu du.

Ikuspuntu sanitariotik egoera zaila dela nabarmendu du eta honek mozketa gehiago egitea ekarri duela argudiatu du, gaixotasunaren eragina handia baldin bada ez baitauka konponbiderik: «Egurraren mugimendu gehiago egongo da baina oraindik ez dakigu zenbateraino izango den, tratamenduen eraginkortasuna eta klimaren eraginaren menpe baikaude».