Naiz

Intsinis pinudien fumigazioan «inprobisatzen» ari direla kexatu da Naturkon elkartea

Baskegurreko zuzendariak pasa den astean eginiko adierazpenetan oinarritu da Naturkon elkartea oxido kuprosoarekin egiten ari diren lurreko fumigazioekin kezkatuta agertzeko.

Gaixo dauden intsinis pinudiak, Beizama inguruan. (Gorka RUBIO/FOKU)
Gaixo dauden intsinis pinudiak, Beizama inguruan. (Gorka RUBIO/FOKU)

Pasa den astean Baskegurrek ospatzen zuen asanbladan Oskar Azkarate zuzendariak jakinarazi zuen oxido kuprosoarekin egiten ari ziren lurreko fumigazioak eraginkorrak izaten ari zirela intsinis pinudiei eragiten dien xingola marroia gaixotasunaren aurrean. Era berean, ordea, zehazten zuen tratamendu gutxi egiten ari zirela fumigazioak dituen mugak medio. Hau da, ezin daiteke tratamendu egin euria ari duenean edota haize bolada handiak daudenean.

Adierazpen hauek irakurrita, Naturkon –Gipuzkoako naturaren aldeko 16 kolektibo biltzen dituen elkartea– kezkatuta agertu da, baita oxido-kuprosoaz gain beste produktuekin frogak egiten dabiltzalako ere. Olio esentzialekin, landare-estraktuekin eta zuhaitzak indartzeko ongarriak baliatzen ari direla zehaztu zuten pasa den astean eta elkarte naturalistaren arabera «hau berria da, gaurdaino sektoreak eta administrazioak ez dutelako aipatu ere egin oxido kuprosoaz gain beste inolako produkturik erabiliko zenik diru publikoarekin ordaintzekoa den estrategia honetan».

Hau horrela, esperimentazio hauek Neikerren begiradapean daudelako haiengandik erantzunak espero ditu Naturkonek. Interesgarria deritzo jakiteak oxido kuprosoarekin egiten ari diren «nahasketa» hauen emaitza zein den jakitea.

Jakina da estrategia nagusia lursail publikoetan aplikatu dela eta hortaz, jabego pribatuetan fumigazioa noren esku dagoen ere itaun egiten dute naturalistek. «Horrelako tratamenduak egiteko behar diren baliabide tekniko eta materialak dituzten enpresak gutxi dira eta jakin dugu enpresa horiek onddoen izurriteei aurre egiteko fungizida generiko eta sistemikoak –esaterako, metil-tiofanatoa– erabiltzen ari direla; oxido kuprosoa baino askoz kaltegarriagoak ingurumenerako eta gure osasunerako, alegia.

Enpresa hauen funtzionamenduaren gaineko kontrolik ba ote dagoen jakin nahi du Naturkonek, eta beste iruzur baten aurrean ez ote gauden ere ohartarazten du. «Administrazio publikoek eta sektorea ordezkatzen duen Baskegur elkarteak behin eta berriro erakusten dute inprobisasizioa eta ezezagutzaren» beste adibide bat dela ziurtatu du Naturkonek eta beraz, «erantzunak entzuteko irrikitan» daudela.