Bizik Macronen argazkia kendu du Bardozeko udaletxetik

Bizi! mugimenduko kideek Bardoze herriko (Lapurdi) udaletxean zegoen Emmanuel Macron presidentearen argazkia eraman dute. Guztira, 125 potret kentzeko helburua duen kanpaina abiatu zuten otsailean Estatu frantsesean. Kanpaina horren baitan, Bardozekoa, udaletxe batetik kentzen duten 106. erretratua da.

Haritz Larrañaga|2019/07/11 11:58
Bizi
Bizi mugimenduko kide bat Bardozeko udaletxean Macronen argazkia kentzen. (BIZI)

Otsailaren 21ean Bairritzeko Herriko Etxetik Emanuelle Macronen potreta kendu zuten Bizi mugimenduko kideek. Horren ostean, Maule, Uztaritze, Donibane Garazi, Bidarte, Arrangoitze, Getaria, Donibane Lohizune eta Senpereko herriko etxeetan ere gauza bera egin zuten, eta gaur Bardozeren txanda izan da. Artean, Hendaia, Biriatu eta Urruñako udaletxeetan ere Macronen argazkiak kentzen saiatu ziren, baina ekintzaileek ez zuten haien helburua lortu, Poliziak herriko etxeak zaintzen baitzituen.

Parisen 2015. urtean Nazio Batuen bilkuran (COP21) klima aldaketan eragiteko hartutako konpromisoak ez dituela betetzen salatzeko hasi ziren Macron presidentearen argazkiak udaletxeetatik kentzen. Kanpaina hau abiatu zenetik atxilotu ugari izan dira Estatu frantsesean, eta baita Ipar Euskal Herrian ere.