Euskararen gramatika proposamen bat aurkeztu du Euskaltzaindiak

Euskaltzaindiaren mendeurrenaren baitan antolatu dituzten jardunaldien azken txanpan egin dute gramatikari eskainitako hau Donostian. Bertan, proposamen berriak egin dituzte aurretik zeudenak aztertuz eta kontuan hartuz.

Naiz|Donostia|2019/07/11 17:27
Euskaltzaindia_gramatika
Irailean egingo dute azken kongresua, eta urrian amaiera ekitaldia. (EUSKALTZAINDIA)

Euskararen gramatika proposamen bat aurkeztu du Euskaltzaindiak, Donostiako Luis Villasante ikergunean antolatu duen Gramatika Jardunaldian. «Lan irekia» dela adierazi du Pello Salaburu gramatika batzordeburuak, eta, iritziak eta kritikak batu ondoren, Akademiak erabaki beharko duela lanarekin zer egin.

Euskaltzaindiaren mendeurreneko ekitaldien azken txanpan izan da Gramatika Jardunaldia eta arloko batzordeak urte luzetan ondu duen testua aurkeztea izan du helburu. Galegoaren, gaztelaniaren eta katalanaren akademiek eman diote markoa, bakoitzak bere gramatika osatzeko izan duen prozesuen berri emanez.

Halere, jardunaldiak mentalitate aldaketa nabarmendu du batik bat. Miren Azkarate euskaltzain osoaren hitzetan, «lehen, hizkuntza bat zuzen hitz egin eta idazteko arauen multzoa» zen gramatika; gaur egun, berriz, «hizkuntza jakin baten osagaien azterketa eta azalpena da», adierazi du.

Salaburuk 1980ko hamarkadaz geroztiko ibilbidea eta gorabeherak laburbildu ditu bere hitzaldian, duela 40 urteko eta oraingo lan moldeak alderatuz. Lehen urteetan, adibidez, «Euskaltzaindia zen ia erreferentzia bakarra, eta neurri batean autodidaktismoan oinarritzen zen. Egun, euskaldunok anitz erreferentzia ditugu inguruan, gizartea bera hainbeste aldatu baita».

Horrela, Gramatika Batzordeak aurkeztu duen lan mardula dela eta, bi ezaugarri nagusi dituela azpimarratu du Salaburuk: batetik, «arauemailea» dela, baina ez «arauak ematen dituelako, gramatika deskriptiboa izanik ere, aldi berean norabide jakin bat markatzen duelako»; bestetik, «lan irekia» dela nabarmendu du, «interesa dutenek eztabaida dezaten».

Landu diren 1.500 orrialdeetan barrena «atal oso-osoak, guztiz berriak» ere badira: esate baterako, euskararen bereizgarri orokorrak edota gramatika kategoriak atalak. Gainera, azken 30 urteotan hizkuntzalaritza teorikoan egin diren ikerlanak ere kontuan hartu dira, «homologarria izatekotan, ezinbestekoa delako», Azkarateren aburuz.