Kutxa Kultur Moda programako diseinatzaile gazteen erakusketa Errenteriako Jantziaren Zentroan

Uda osoan hamaika disenatzaile gipuzkoarren lanak ikusteko aukera dago Errenteriako Jantziaren Zentroan. Hamar marka, hamaika diseinatzaile, bakoitzak sortutako look bat ikusteko aukera, doan, Kapitain-etxeko sarrerako aretoan.

NAIZ|Errenteria|2019/07/11 12:27
Erakusketa_1
Jantziaren Zentroan ikus daitezkeen sorkuntzetako batzuk. (NAIZ)

Elixabet Perdiguero, Fanny Alonso, Ione Iruretagoiena, Laza Clothing, Maialen Porroy, Maixala, Amarenak, Amagoia Etxeberria, Akukuna eta Lette. Hamar marka, hamaika diseinatzaile (hamar emakume eta gizonezko bat). Guztiek amankomunean helburu bera, moda jasangarria sortzea. Petrolio ustiaketaren atzetik arroparen industria munduko bigarren kutsagarriena da. Diseinatzaileak bat datoz esaterakoan gutxiago kontsumitu behar dela, horregatik look pertsonalizatuak, bakarrak, denboran irauten dutenak, modu ekologiko edo organikoan egindako oihalekin.

Apirilean hasi zuten egonaldia Kutxa Kultur Moda programa barruan. Urriaren 18an lehen desfilea aurkeztuko dute, egun horretarako marka bakoitzak zortzi look sortu beharko ditu, eta buru-belarri lanean ari dira horretan.

Kutxa Kultur Modak 2010etik bultzatzen du Gipuzkoan sortzen ari diren, amateur diren eta finkatze-fasean dauden diseinatzaileen profesionalizatzea.

Programak ekonomia zirkularra sustatzen du, eta arreta berezia eskaintzen dio moda iraunkorrari eta kontsumo arduratsu eta bertakoari.

Kutxa Fundazioak Donostiako Tabakaleran du gune-lantegia, horretan prestakuntza tekniko eta konomikorako planak, networkinga eta zabalkunde ekintzak sustatzen dira.

Gipuzkoako diseinatzaileon lanak ikusi nahi dituen edonork Erretneriako Jantziaren Zentroan du aukera irailaren lehenera bitarte. Kapitain-etxeak larunbatetan goizeko 11.00etik 14.00etara eta arratsaldean 17.00etik 20.00etara zabaltzen ditu ateak. Igande eta jai egunetan 12.00etik 14.00etara dago ikusgai.