NAIZ

Medikazioa espainiar Estatuko edozein botiketan hartu ahalko da errezeta elektronikoari esker

EAEn errezeta elektronikoaren elkarreragingarritasuna 2018ko urtarrilean ezarri zen, eta ordutik 172.351 herritarrek hartu dute beraien medikazioa beste autonomia erkidego batzuetako botiketan.

E-errezetaren elkarreragingarritasuna 2018an ezarri zen. (Lander ARROYABE/FOKU)
E-errezetaren elkarreragingarritasuna 2018an ezarri zen. (Lander ARROYABE/FOKU)

Espainiar Estatuko edozein autonomia erkidegotako botiketan hartu ahalko da dagoeneko medikazioa, Madril errezeta elektronikoaren elkarreraginkortasuneko sisteman sartu denez geroztik. Horrela, aurtengo udakoa lehen aldia izango da Estatu osoan erabili ahalko dena sistema integratua.

Nekane Murga Gasteizko Gobernuko Osasun sailburuak errezeta elektroniko elkarreragilea autonomia erkidego guztietara zabaltzea «oso urrats positibotzat» baloratu du, eta gogoratu du «erosotasuna» ematen diola pazienteari, «baina, batik bat, segurtasuna».

Lakuak ohar batean azaldu duenez, EAEn errezeta elektronikoaren elkarreragingarritasuna 2018ko urtarrilean ezarri zen, eta ordutik 172.351 herritarrek hartu dute beraien medikazioa beste autonomia erkidego batzuetako botiketan.

Horrela, e-errezeta elkarreragile horren bidez, 1.228.153 banaketa baino gehiago egin zaizkie euskal hiritarrei beste autonomia erkidego batzuetako botiketan. Gaztela eta Leon izan da banaketa gehien egin duen autonomia erkidegoa, 399.145 hain zuzen; gero Kantabria, 197.799rekin; Valentziako Erkidegoa, 152.086rekin; Galizia, 105.356rekin eta Errioxa, 100.651rekin.

Bestalde, EAEko botikek elkarreragingarritasun sistema duten autonomia erkidego horietako 22.378 pazienteri eman diete arreta, eta guztira 117.641 banaketa egin dituzte: 22.533 Araban, 60.940 Bizkaian eta 33.953 Gipuzkoan. EAEn medikazioa hartu duten paziente guztietatik, gehienak Gaztela Leongoak izan dira (25.148), Kantabriakoak gero (15.399) eta ondoren Nafarroakoak (13.064).

Segurtasuna eta erosotasuna

Erkidegoen artean elkarreragingarritasun sistema ezarri denez, Estatuko edozein farmaziatan hartu daiteke medikazioa banako osasun txartela aurkeztuz gero. Osasun sailburuak esan du e-errezetak segurtasuneko eta erosotasuneko plusa duela erabiltzaileentzat, eta erabilgarritasuna, errendimendua eta eraginkortasuna nabarmendu ditu.

Errezeta elektronikoa ezarri zenetik, normaltasun osoz eta gorabehera nabarmenik gabe ari da funtzionatzen orain arte. Hori dela eta, paperezko errezetak geroz eta gutxiago ari dira egiten osasun zentroetan.