Haritz Larrañaga
BAIONA

Traben gainetik Seaskako ikasleek brebeta gainditu dute

Zientzietako azterketak euskaraz ez dakiten irakasleek zuzendu arren, gainontzeko irakasgaietan lortutako emaitzei esker Seaskako ikasleen gehiengoak (%98,4) brebeta gainditu du.

Artzabaleko ikasleak Brebeta euskaraz egiteko duten eskubidea aldarrikatzen. (Bob EDME)
Artzabaleko ikasleak Brebeta euskaraz egiteko duten eskubidea aldarrikatzen. (Bob EDME)

Atzo arratsaldean jaso zituzten brebeta frogen emaitzak Ipar Euskal Herrian Seaskak dituen hiru kolegioetan. Azterketak egin zituzten Seaskako 193 ikasleetatik soilik hiru ikaslek ez zuten proba gainditzea lortu. Hur Gorostiaga Seaskako lehendakariak azaldu zuenez, espero zituzten emaitzak izan ziren.

Zientzietako azterketak euskaraz ez dakiten irakasleek zuzendu zituztela kontuan hartuta, batezbesteko emaitza apaldu egingo zela bazekiten Seaskako irakasleek, baina hala ere Seaskako ikasleek proba gainditzea lortu zuten, eta Edurne Manterola Ziburuko Piarres Larzabal kolegioko zuzendariak nabarmendu zuen moduan, «gure ikasleek ikasle onak direla frogatu dute».

Iaz bezala, aurten ere Seaskako ikasleek zientzietako azterketak euskaraz egitea erabaki zuten, nahiz eta haien azterketak euskara ulertzen ez zuten irakasleek zuzen zitzaketela jakin. Ipar Euskal Euskal Herriko gainontzeko kolegioetako azterketekin batera, Seaskako ikasleen azterketak ere Donibane Lohizune, Hazparne edo Maulen zuzendu izan balituzte, zuzentzaileen artean euskaraz dakiten irakasleak izan zitezkeen, baina Hezkuntza Ministerioko ordezkariek Seaskako ikasle guztien zientzietako azterketak «bahitu» eta Bordelera eraman zituzten uztailaren 2an.

Horrela, Seaskako ikasleen azterketak euskaraz ez dakiten irakasleek zuzentzea bermatu zuen administrazio frantsesak, eta ondorioz, ikasle euskaldunek emaitza txarragoak izatea ahalbideratu zuten. Lartzabal herrian (Nafarroa Beherea) dagoen Manex Erdozaintzi Etxart kolegioan esaterako, zientzietako azterketen emaitzen batezbestekoa 3,4  puntukoa izan zen (50 punturen gainean) eta Ziburuko Piarres Larzabal kolegioan, ostera, 16 puntukoa. Ikus daitekeen moduan, emaitza oso baxuak dira.

Errespetu falta

Seaskako irakasleek zientzietako emaitzek haien ikasleek egiaz duten jakintza eta ikasturtean zehar egin duten lana ez dutela irudikatzen salatzen dute. Celine Tourreuil Lartzabalgo kolegioko zuzendariak Euskal Irratiei egin zizkien adierazpenetan azaldu zuenez, «Hezkuntza Nazionalak ez du gure ikasleen lana errespetatzen, etsigarria da».

Hur Gorostiagak ere «Parisek gure hizkuntzarekiko duen mespretxua» gaitzetsi zuen, eta gogoratu zuen 2021. urtetik aurrera Lizeoko ikasleek Baxoa egiteko zientzietako azterketak euskaraz egin ahal izango dituztela. Ondorioz, brebeta azterketekin gauza bera ez egitea «zentzugabea» dela iritzi zion.

Edonola ere, euskal hiztunen eskubideak errespetatuak izan daitezen lanean jarraituko dutela jakinarazi zuen Gorostiagak. «Ez dakit urte batean edo bitan, baina froga hauek osorik euskaraz egitea lortuko dugu», adierazi zuen Seaskako zuzendariak.