Naiz
Donostia

‘Jakin’ aldizkariaren ale berrian, Txillardegi, musika eta herri mugimenduak aztergai

Maiatz-ekaina epeari dagokion aldizkariaren 232. alea argitaratu berri du ‘Jakin’-ek. Bertan parte hartu dute Alaitz Aizpuruk, Andere Ormazabalek, Eric Ditxarrik eta Lorea Argaratek, Txillardegi, musika eta herri mugimenduak aztergai.

Txillardegiren inguruko artikulua da ale honetako testu nagusia. (Jon URBE / FOKU)
Txillardegiren inguruko artikulua da ale honetako testu nagusia. (Jon URBE / FOKU)

‘Jakin’ aldizkariak 232. alea atera du. Bertan, Alaitz Aizpuru pentsalariak Txillardegiri buruz idatzitako erreportajea da nagusi. Era berean, Andere Ormazabal irakasleak Gipuzkoako herri mugimenduen eta ezkerreko gobernuen gaineko gogoeta egin du.

‘Txillardegi, postmodernitatea eta postkolonialismoa’ artikuluan, Aizpuruk Txillardegiren eta bere 56ko belaunaldiaren pentsamendua    ulertzeko bidezidorrak zabaldu ditu. 50eko hamarkadan  hasi zen pentsamenduaren  aldaketa gauzatzen:  «Aurrekoarekin hautsi eta euskal mundura aldaketa sakon eta esanguratsuak ekarriko dituen denbora berri batean esnatzea», argitu du egileak artikuluan.

Bestalde, Ormazabalen artikulua ‘Herri mugimenduen eta ezkerreko gobernuen ezinak eta eginak. Gipuzkoako esperientzia (2011-2015)’ da. Bertan, berdintasun eta ingurumen politiketan sortutako  sare, gune eta hartu-emanei erreparatu die, bereziki.

Musika aztergai

Artikulu horietaz gain, Lorea Argarate musikari eta ingeniariak eta Eric Ditxarri artista eta antropologoak musikaren gaiari buruzko hausnarketak aurkeztu dituzte. Batak teknologiak musikan nola eragin duen aztertu du bere artikuluan. Besteak, berriz, euskal raparen inguruko hausnarketa egin du.