EHUko ikasleen %85ak prestakuntzari lotutako lana du titulazioa eskuratu eta hiru urtera

2015eko EHUko promozioaren %87k enplegua aurkitu du hiru urte geroago. Enplegu batera jotzeko batezbestekoa hamaika hilekoa da, eta normalean prestakuntzari lotutako enpleguetan.

NAIZ|2019/07/15 13:55
Ehu
Beatriz Artolazabal eta Nekane Balluerka. (EHU)

EHUko ikasleen laneratzeari buruzko azken inkestaren arabera, %85ak prestakuntzari lotutako enplegua du (bere lanbide-gaikuntzari dagokion enplegua), titulazioa eskuratu eta hiru urtera. Eta lau ikasletik hiruk aldi berean graduko ikasketetara erabat egokitzen den enplegua aurkitu dute.

Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Nekane Balluerka EHUko errektoreak, gaur goizean, Lanbidek eginiko landa-lan horren emaitzak aurkeztu dituzte.

Datu horien arabera, EHUko 2015eko promozioko %87k enplegua aurkitu zuen, 6.000 pertsona inguruk. Beste %7k (500 pertsona) jarraitzen zuen lan-merkatuan lanbide-irteera bilatzen, eta gainerako %6a (400 ikasle) graduondoa edo beste karrera bat ari zen ikasten inkesta egiteko unean.

Langabezia-tasa %8koa izanik, 2015eko promozioaren tasa 2014ko promozioarena baino %3,6 puntu txikiagoa izan da, eta 2013koa baino %16 murritzagoa. «Inkestaren datuak estrapolatuz, baiezta dezakegu unibertsitateko laneratzeak krisiaren aurreko aldiaren antzeko langabezia-tasak dituela», adierazi du Artolazabalek.

Lanaldi murrizketak

2015eko unibertsitate-promozioak lan-merkatura nolabaiteko erraztasunez jo zuen, eta nagusiki prestakuntzari lotutako postuetara. 2018aren amaierarako enplegua zuten 6.000 pertsona inguru horietatik %20k astean 20,5 orduko lanaldi murriztuan egiten zuen, %27 emakumeen kasuan.

Sistematikoki, neskek lanaldi murriztuen ehuneko handiagoak dituzte unibertsitateko laneratzeari buruzko inkestaren serie historikoan. «Lanaldi murriztua eragozpen bat da bizitza-proiektu pertsonala eta familiarra osotasunez garatzeko, eta horregatik ari gara handicap horiek saihesteko lanean», nabarmendu du Artolazabal.

2015eko promozioko okupatuen %25ek enpresa publikoan lan egiten duela aintzat hartuta, lanaldi murriztuan lan egiten dutenen batezbesteko soldata 864 eurokoa da, eta lanaldi osokoa 1.560 garbikoa, 14 pagatan, 2009ko ordainsari-maila berak. Soldata hori %8 jaisten da gogoko ez dituzten lanaldi murriztuetan diharduten emakumeen kasuan.

«Enpleguaren hobekuntzan eta lan-baldintzen kalitatean sakontzen jarraitu behar dugu, erabateko proiektu profesionala, pertsonala eta familiarra garatzeko eragozpenik ekarriko ez duten jardunaldi eta soldatekin», esan du sailburuak.

Batezbesteko soldata

Prentsaurrekoan beste gai bat ere aztertu da, UPV/EHUko egresatuek titulazioa lortu eta hiru urtera eskuratzen duten soldataren ebaluazioa. Zehazki, batezbesteko soldata garbiak (lanaldi osoan), ezagutza-arloen arabera, honako hauek dira: Zientzia Esperimentalak, 1.290 eurokoa; Zientzia Ekonomiko-Juridikoak, 1.420 eurokoa; Gizarte Zientziak, 1.448 eurokoa; Giza Zientziak, 1.480 eurokoa; Teknikak, 1.677 eurokoa; eta, azkenik, Osasun Zientziak, 1.795eurokoa.

Hileko batezbesteko soldatari dagokionez, 2006an 1.538 eurokoa zen; 2009an, 1.493 eurokoa; orain, 2015eko promozioan, 1.559,72 eurokoa da. Berriro ere 2006kotik gora gaude. Lanaldi murriztuan, 2006an %12koa zen; 2010ean %28ra igo zen; eta 2015eko promozioan %21,30ean dago. Enpleguarekiko gogobetetasun globalari dagokionez: 2006an %6,1ekoa zen; 2009an, %7koa; eta 2015ean, %7,30ekoa. Emakumeen kasuan, lanarekiko gogobetetasunak gora egin du 2006ko %6,2tik 2015eko %7,24ra.

Hizkuntzen erabilera

Errektoreak euskararen edo ingelesaren lanbide-erabilerari buruzko datuak eskaini ditu, ezagutza-eremuen arabera. Inkesta egin duten pertsonetatik %66k Gizarte Zientzietan egunero euskara erabiltzen duela adierazi du, %55ek Giza Zientzietan, %47k Zientzia Esperimentaletan, %43k Osasun Zientzietan, %31k Tekniketan eta %30ek Zientzia Ekonomiko-Juridikoetan.