Ion SALGADO
GASTEIZ

Haurreskolak Partzuergoko kudeaketako langileek greba deialdia egin dute

Haurreskolak Partzuergoko kudeaketako langileek greba deialdia egin dute lan baldintza duinak aldarrikatzeko.

Gasteizen egindako elkarretaratzea. (HAURRESKOLAK PARTZUERGOKO KUDEAKETA LANGILE GREBALARIAK)
Gasteizen egindako elkarretaratzea. (HAURRESKOLAK PARTZUERGOKO KUDEAKETA LANGILE GREBALARIAK)

Haurreskolak Partzuergoko kudeaketako langileek greba deialdia egin dute irailaren lehenengo asterako lan baldintza duinak aldarrikatzeko. Azaldu dutenez, atzo izandako mahai negoziatzailearen ondoren, langileen egoerak «berdinean» jarraitzen duela argi geratu zen. «Ez dituzte gure lan kargak aztertu, eta gure lanpostuak ez daude bermatuta», adierazi dute.

Eta ohartarazi dutenaren arabera, «langilegoak egindako alegazioei erantzunik ez dio eman enpresak eta behin eta berriz adostutako epeak atzeratzen ditu. Ez du inolako borondaterik negoziatzen jarraitzeko. Azken mahai negoziatzailean gertatu zena ikustea besterik ez dago. Kudeaketa langileen gaia azkenerako utziz eta mahai gainean gaia lantzeko inolako borondaterik agertu gabe».

«Urte eta erdi daramagu langileok gure egoerari konponbidea eskatzen eta gatazka negoziazioaren bidez konpontzeko eskaerak egiten eta behin eta berriz, epeak jarri arren, hauek ez dira errespetatzen ez eta gure alegazio, idatzi, eskaera eta greba deialdiak aintzakotzat hartzen», nabarmendu dute, eta enpresak «irailaren 1etik aurrera gure egoera argitu eta egunean jartzeko hartutako konpromisoa» ez duela bete salatu dute, «eta horrela jarraitzeko asmoa du gainera».

Egoera honen aurrean, «gure eskaera hau bete ezean, greba deialdiarekin aurrera jarraitzeko beste biderik ez dugu izango langileok». Grebaren helburua langileriaren lan baldintzak «erregularizatu, defendatu eta hobetzea» dela azaltzen da ELAk Lakuako Gobernuko Lan Sailean uztailaren 9an aurkeztutako idazkian.