Idoia Eraso

Ikasturte gatazkatsuaren ondoren, Seaskak hitzarmena sinatu du Hezkunde Nazionalarekin

Gaur goizean Seaskak, Hezkunde Nazionalak eta Euskararen Erakunde Publikoak 2019 eta 2022 arteko hitzarmena sinatu dute Baionan. Akordioa sinatu ahal izateko hilabateetan eraman diren negoziaketetan parte hartu duten parlamentari eta kontseilariak ere bertan izan dira haien sostengua ematen. Hurrengo ikasturterako 19,5 postu lortu ditu Seaskak.

Seaskako, EEPko eta Hezkunde Nazionaleko ordezkariak hautetsiek inguratuta. Guillaume FAUVEAU
Seaskako, EEPko eta Hezkunde Nazionaleko ordezkariak hautetsiek inguratuta. Guillaume FAUVEAU

Laugarren hitzarmena sinatu dute gaur Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioak eta Hezkuntza Ministerioak, EEPren bitartekaritza eta parte hartzearekin. Hirugarren akordioan adostutako baldintzak ez zirela betetzen salatuta, laugarren hitzarmena sinatzeari uko egin zion Seaskak joan den ikasturtean. Gaurko sinadura negoziaketa tekniko eta politiko luzeeen emaitza izan da.

Olivier Dugrip Hezkunde Nazionaleko Bordeleko errektoreak, Beñat Arrabit EEPko presidenteak eta Paxkal Indo Seaskako presidenteak sinatu dute testua. Bertan zen ere agorrilean Indoren kargua hartuko duen Peio Jorajuria.

Hautetsiak

Max Brisson senataria (EEPko lehen presidentea), Frederique Espagnac senataria, Vincent Bru diputatua, Mathieu Berge eskualde kontseilaria (EEPko hirugarren presidentea) eta Benedicte Luberriaga departamendu kontseilaria izan dira bertan, azken hilabeteetan egindako negoziaketa politikoen emaitzak ikusteko, eta sostengua emateko.

Hitzarmena

Bernadette Soule EEPko zuzendariak azaldu du hitzarmenaren mamia, eta artikuluetan hitzartutako termino teknikoak gutxitu gabe, sar hitzari eman dio garrantzia, Seaska eta bere eredu pedagogikoa aurkezten duelako. Errektoreak berak, egin zuen hitzartzean, ereduaren kalitatea goretsi zuen.


Higugarren eta laugarren artikuluak, gatazka iturri nagusia izan ohi den gaia arautzen dute, hau da, irakasle postuak zehazten dituen ikasle kopurua. Erreferentziako metodoa adostuta agertzen da hitzarmenaren hiru sinatzaileen artean. 22 ikasle haur hezkuntzan eta 25 lehen hezkuntzan. Bigarren hezkuntzari dagokionez, eredu publikokoak bezainbeste, gehi lau orduko lana kontuan hartuko da, banaketa egiterakoan.

Boskarren artikuluan, zentro berriak aipatzen dira. Bigarren hezkuntzako kolegioa berri baten beharra zehazten da, baita heldu den ikasturtean irekiko den Arbona-Ahetzeko ikastola, Indo horren aitorpenarekin bereziki pozik agertu zen.

Zazpigarren artikuluan, frantsesezko eta euskarazko gaitasunen ebaluazioa aurrikusten da. Dugripek agirien garrantzia nabarmendu zuen. Aldi berean, lizeoaren azken urteetan Seaskako ikasleek EGA azterketa egiten ahalko dute, edo orain sortzen ari den zertifikazio berezi bat.

Indok poz handia agertu du, aurreko urtea konbeniorik gabe pasa dela oroituta. Egindako lan tekniko eta politikoan parte hartu duten EEPko langileak eta negoziaketa politikoan parte hartu duten hautetsiak eskertu ditu. Baina jakinarazi du, hitzarmena sinatuta ere, jakin badakitela hurrengo ikasturteari begirako negoziaketak berriz ere korapilatsuak izanen direla, eta «kuraia on» opa dio Jorajuriari.

Postuak

Hurrego ikasturterako 19,5 postu lortu ditu Seaskak, negoziaketa luze eta zailen ondoren. 30 lanpostu eskatu zituen ikastolen federazioak hastapenean, baina kopuru hori ez zuela lortuko ikusita 12 finantziatzeko prest agertu zen. Hezkunde Nazionalak bere aldetik 5 postu eskaini zituen hastapenean, baina protesta jendetsu, sostengu publiko eta bitartekaritza politikoari esker heldu den ikasturterako kopurua ia laukoiztea lortu du.