Maria Mendizabal

Hain urruti, hain gertu

Berrogeita hamar urte dira pertsonok Ilargiaren lurrazalean oinak lehendabizikoz jarri genituenetik. Distantziaz urruti baina gure egunerokoan gertu egon den eta betidanik liluratu eta beldurtu izan gaituen sateliteaz gehiago jakiteko balio izan zuen espedizio hark. Ordutik beste hamar hanka parek zapaldu dute Ilargia eta aurreikuspenak betez gero datozen urteetan beste batzuk pausatuko dira; lehenengoz, emakume batenak.

Gaueko iluntasunean zelatari, zenbatezinak dira Ilargiaren bueltan idatzi diren kantu edota poesia lanak edota literatura liburuetan egin zaizkion aipamenak... lilura eta misterio eragile, datorren larunbatean beteko dira 50 urte pertsonok lehendabizikoz hankak bertan pausatu genituenetik eta haren sekretuetan argi gehiago jartzen hasi ginenetik. Neil Amstrong eta Buzz Aldrin izan ziren lau egun, sei ordu eta 45 minutuko bidaiaren ondotik Ilargira iritsi ziren lehen gizakiak eta haien begietatik milioika lagunek egin zuten aldi berean ibilaldi ezagun hura; Ipar Amerikako telebista ia guztietan, %96an, Apolo 11 misioaren ibilerak jarraitu zituzten. «Beti galdetu izan dut, gainerako %4a zer ikusten arituko ote zen», galdegiten dio bere buruari Eva Villaver astrofisikariak, “Las mil caras de la Luna” (Harper Collins, 2019) argitara eman berri duen liburuan. Baina ez bakarrik iparramerikarrak, teknologia iritsia zegoen bazter guztietatik jarraitu zen astronauten balentria, telebistaz edota irratiz. «Eta aparailu horiek ez zituztenek zuzenean Ilargira begiratzen zuten zer gertatzen ari zen jakin nahian; oraindik eta ederragoa da hori», dio.

Urruti eta, aldi berean, Lurreko beste hainbat toki baino gertuago sentitu dugu satelitea, lainopean izanagatik, hutsik egin gabe agertzen baita gaueroko zitara. «Ilargiak beti eragin izan digu lilura, azken batean ispilu bat baita; gure perspektibarik ez dugunean, kanpora begiratu ohi dugu eta ikusten dugun lehen gauza Ilargia da; pertsona gisa zer garen ulertzeko ikuspuntua ematen digu», azaldu du, besteak beste, NASAn edota Europako Espazio Agentzian lan egin duen eta egun Madrilgo Unibertsitate Autonomoan aritzen den astrofisikariak.

Ez da orain-oraingoa izan ere Ilargira begira jartzeko joera, milaka urtez egon baitira astronomoak, besteak beste, hark handitzeko eta txikitzeko duen ahalmenarekin liluratuta, eta Galileok berak bere teleskopio ezaguna lehenik eta behin Ilargira bideratu zuen. Gaur egun ulertu dezakegu, esaterako, berari lotzen gaituen grabitatea, baina Villaverren esanetan, kosta egiten zaigu sortzeko gai den beldurra eta emozioa azaltzea, eta «bi indarrak maila berean dira indartsuak». Horregatik aipatzen du behin eta berriz liburuaren azalean bertan idatzi duen esaldia: «Ez dugu Ilargira berriz ere itzuli behar, beti egon baikara bertan». Izan ere, sateliteak erabateko garrantzia du gure egunerokoan, besteak beste, Lurraren errotazioa ardatza egonkortzen duelako –gainerakoan erabat inklinatuko ginatekeen–, itsas mareak eragiten dituelako eta, Villaverrek nabarmendu duen moduan, gure erloju biologikoaren tik-taka gidatzen duelako.

Jaiotzeko zegoen astrofisikaria Apolo 11 misioa Ilargira iritsi zenean, baina espedizio haren inguruko makina bat xehetasun batu ditu. Ba al dakizue adibidez, Amstrong eta Aldrinek, Ilargira iritsi, eta jaso zuten lehen agindua zein izan zen? Lotara joatekoa. Bistakoa da, deskantsatuak egotea komeni zitzaiela inoiz arakatu gabeko lurrazalean akatsik ez egiteko, baina nork lo hartu halako egoera batean? Amstrongek Houstonera deitu zuen eta espazioan egin behar zuten ibilaldia aurreratzeko eskatu zuen.

Itzala utzita. Eta hala egin zuen, lehen jauzi hura, Lurrean baino sei aldiz grabitate gutxiagoko eremu hartan. Eta pausoz pauso hasi zen ibiltzen, atzean uzten zituen oinatzei erreparatuta. Ilargian higadurarik ez dagoenez, astronautek utzi zituzten markak ehunka mila urteetan izango dira ikusgarri bertan. «Hori bai itzala uztea».

Bi ordu eta hogeita hamaika minutuz egon ziren Ilargiaren azalean Amstrong eta Aldrin –Michael Collins zen hirugarren astronauta baina ontzia tripulatu behar zuen eta bere lagunek lur hartu zutenean, Ilargiaren atzeko aurpegian zegoen orduko 6.000 kilometroko abiaduran– eta denbora tarte horretan argazkiak atera zituzten eta laginak jaso zituzten. Hala, orduan eta ondoren egin ziren espedizioetan jasota, 382,3 kilo “ilargi” dugu Lurrean, kontu handiz eta ondo itxitako kaxetan ekarri zituztenak. Eta haien artean dago, Villaverrek aipatu duenez, gure planetari dagokion arrokarik zaharrenetariko bat, orain dela lau mila urte eztanda baten ostean airean atera zena.

Laginak biltzeaz gainera, misio hartan parte hartu zuten lagunek prisma batzuk jarri zituzten gainazalean eta laser izpiak hara bideratuz Lurrarekiko duen distantzia neurtzeko balio izan dute. Batez beste 384.400 kilometroko distantziak bereizten ditu –periogeoan 363.300era murrizten da eta apogeoan 425.500 kilometrora luzatu–. Sismografoak ere jarri zituzten, hiru astez funtzionamenduan egon zirenak, eta Ilargiaren mugimenduak neurtzeko balio izan zutenak.

Badira oraindik bidaia hura zalantzan jartzen duten pertsonak. Harritu egiten dute astrofisikaria pentsakizun horiek, sarritan beste kontu asko dudan jartzen ez dituen jendearengandik datozelako zalantzarik handienak. «Pertsonek oro har konspirazio teoriekiko joera dute eta hori bai dela aztertzekoa. Zergatik kostatzen zaizu egiak diren gauzak sinestea eta ez dugu izpiritu kritikoarekin aztertzen parean dugun gezurra?», galdegin du, ez buru eta ez hankarik ez duten teoria batzuek lortzen dituzten jarraitzaile mordoari erreferentzia eginda.

Misio hura ezbaian jartzen dutenen artean, argudioetako bat astronautek lurrazalean jarri zituzten banderen mugimendua izan da. Zergatik mugitzen ziren Ilargian atmosferarik ez bada? Eman diren azalpenen artean dago, jarri berria izaki bere inertziak berak sortzen duen mugimenduaren eragina zela. Edozein kasutan, Lunar Reconnaissance Orbiter Camera zundak hartu dituen irudien arabera, oraindik ere zutik daude Ilargira eramandako banderetako gehienak –hain justu Amstrong eta Aldrinek eramandakoa falta da–, itzal egiten dute eta. Bitxikeria bat: Apolo 11 misioan Ilargira bidaiatu zuen bandera nylonezkoa zen eta NASAko idazkariak denda txiki batean erosi zuen bost dolar eta erdi ordainduta; moldatu egin zuten gero astronautek jarri ahal izateko. «Pentsatzen da bandera hark ez zuela moduluaren aireratzean sortutako ignizio gasen eragina gainditu; gainditu bazituen orain zuria izango da edozein kasutan», azaldu du bitxikeria gisa. Hain zuzen ere, eguzkiaren izpi ultramoreen eta tenperatura aldaketen eraginez, banderaren koloreak galdu egiten dira. Bandera zuriak, beraz, Ilargian; zapiak eta misio desberdinetan joan direnek utzitako 181 tona zabor: 70 ibilgailu, bi golf pilota; 96 pixa, gorozki eta gonbito poltsa; kotoi, koltza eta patata haziak... Antza, sortutako zaborra batzea oso garesti gertatzen da eta horregatik uzten da bertan.

Hurrengo misioa 2024an. Amstrong eta Aldrinek egin zuten bidaiaren ondotik, beste hamar lagun izan dira Ilargian eta, NASAk egin dituen aurreikuspenak betetzen badira, 2024an lehendabizikoz emakume batek bidaiatuko du satelitera, Artemisa izeneko programaren baitan. Izan ere, satelitearen azterketa, Villaverrek nabarmendu duen moduan «agenda politikoan sartu» da berriz ere. Izatez, inoiz ere ez zaio ikuspegi zientifikotik hari begiratzeari utzi, nahiz eta orain anbizio handiagoko misioak dituzten buruan. Are gehiago, NASAko kudeatzaile Jim Bridenstinek orain gutxi aditzera eman duenez, etorkizunean Ilargian presentzia jarraitua izatea dute helburu eta urtero bertara misio bat bidaltzea.

«Ilargiak Lurraren historia ezagutzeko gako asko ezkutatzen ditu eta ikerketa batzuk ezin dira distantzian egin. Behar-beharrezkoa da bertan jasotako materiala izatea eta horretarako bertara joan behar da», azaldu du astrofisikariak, Ilargiaren ezkutuko aurpegia ezagutzeak ere eman ditzakeen giltzak nabarmenduta: «Azken batean, ezagutzan aurrera egin dugun neurrian eta gauzek zein modutan funtzionatzen duten ulertzen joan garen heinean Ilargiari begira jarraitzen dugu, urrun dagoen horretara garamatzan atea baita». Baina ez luke haren handitasuna bitarteko gisa duen balioan agortu nahiko, horrenbeste eman digun ezeri begiratzeko ikuspegi pobreegia litzatekeelako, bere esanetan.