Jon Ormazabal

Euskal selekzioko neskak lehen aldiz arituko dira C.I.J.B.ren Europako Junior txapelketan

15 pilotarik osatuko dute euskal selekzioa astelehenean Portugaleko Moita hirian jokatuko den lehiaketan.

Portugalen arituko den euskal selekzioa gaurko aurkezpenean (EEPF)
Portugalen arituko den euskal selekzioa gaurko aurkezpenean (EEPF)

Urtetan ahaztuta egon ondoren, pixkanaka-pixkanaka joko zuzenak, pilota jokamolderik zaharrenak, ezagunagoak egiten ari dira gure artean. 2016.an C.I.J.B. (Esku Pilotako Konfederazio Internazionalak) Euskal Herria bere kideen artean onartu zuen ofizialki eta ordutik, gure pilotariak nazioartean lehiatzeko aukera izan dute elkarte honek antolatutako lehiaketetan.

Datorren astelehenetik aurrera, Europako Junior Txapelketa jokatuko da Portugaleko Moita hirian, Lisboa hiriburutik gertu, eta bertan izango den Euskal Selekzioa berritasun handi batekin joango da hara, lehen aldiz neskek ere parte hartuko baitute bertan.

Orain bi urte Valentzian jokatu zen txapelketan mutilek bakarrik hartu zuten parte eta bertaratuko diren 15 pilotarien artean sei neska arituko dira.

Denera Europako zazpi taldek hartuko dute parte eta lau modalitatetan jokatuko dira partidak, llargues, nazioartekoa, one-wall eta pilota portugaldarra.

Aitor Erauzkin, euskal selekzioaren hautatzailearen esanetan, emaitza onak lortzeko moduko talde eramango dute Portugalera eta batez ere one wall eta pilota portugaldarrean –gure frontoiko esku pilotaren antzik handiena duen modalitatea, baina frontisa du pareta bakarra eta txapa metro batera egon beharrean 70 zentimetrotara dago– dituzte dominak ateratzeko aukerarik handienak, nahiz eta llargues eta nazioartekoan ere talde lehiakorrak eramango dituzten.