Nagore BELASTEGI
Donostia

Potato eta The Limboos izango dira Donostiako Glad Is The Day musika jaialdian

Glad Is The Day jaialdian gazte eta helduak erakartzeaz gain, familiak ere bertaratzea nahi dute. Horregatik, haurrentzako tailer eta jolasak izango dira egun osoan zehar. Eszenatoki nagusiko izarrak 80ko hamarkadan jotzen hasi ziren Potato eta Rock & Roll eta Rhythm & Blues estiloak lantzen dituzten The Limboos izango dira.

Erakunde antolatzaileen ordezkariek hartu dute parte aurkezkenean. (Jon URBE / FOKU)
Erakunde antolatzaileen ordezkariek hartu dute parte aurkezkenean. (Jon URBE / FOKU)

Donostiako Kristina Enea parkea musikaz beteko da abuztuaren 4an, Glad Is The Day jaialdia 5. urtez ospatuko dutelako. 2016ko Donostiako Kultura Hiriburutzaren baitan sortu zen festa izan zen hau, eta arrakasta izan zuenez, orduztik urtero antolatzen joan dira.

Donostia Kultura eta Kutxa Kultur erakundeen eta Dabadaba eta Le Bukowski tabernen arteko lankidetzaren fruitua da egun bakarrean 4.000 lagun inguru bildu ohi dituen doako jaialdia. Aurten, orain arteko formulari jarraituz, bi eszenatoki, haurrentzako jolasak eta tailerrak, eta merkatu bat antolatuko dituzte.

12.00etan hasiko da eta 21.00ak arte Kristina Enea parkean etengabe izango dira ekitaldiak. Ordu horretatik aurrera, Dabadabara eta Le Bukowskira joatea gomendatzen dute antolatzaileek, eguna borobiltzeko.

Eszenatoki nagusia parkearen sarreran izango da. Bertan rock taldeen zuzenekoak entzun ahal izango dira. Parte hartuko duten taldeak izango dira Susmara eta Bloody Magic Nails, Donostia Kulturako Musikagela zerbitzuan parte hartzen ari direnak; The lookers; Potato historikoak; Mice; Grande Days, Kultxa Kulturren programan erresidentzian dagoen taldea; Los Estanques; eta The Limboos.

Eszenatoki txikian, gaztelu zaharra dagoen lekuan jarriko dutena, musika urbanoa, elektronikoa eta DJak izango dira. Horren baitan entzun ahal izango ditugu Estatuko doinurik freskoenak, baina baita Dabadaban astebururo aritzen diren DJak ere: Bellaca B2B Joven Mata DJs, Le Parody Live, Brava DJ, La Dani Live, Skyhxxk DJ, Chico Blanco Live, Alvva DJ eta Merca Bae DJ.