Simon Yates izan da irabazlea eta Pello Bilbao bigarren sailkatua Pirinioetako lehen etapan

Britainiarrak oso azti jokatu du azken metroetan eta kokapen hobeari esker aurre hartu dio gernikarrari. Gregor Muhlberger austriarrak osatu du garaipena jokatu duen hirukotea. Tropela bederatzi minutu eta erdira heldu da, baina Alaphilippek lider jarraituko du. [Zuzeneko jarraipena eta sailkapenak]

Asier AIESTARAN|2019/07/18
Loading player...

Simon Yates britainiarrak irabazi du Tourreko hamabigarren etapa, Pirinioetako lehena, 209 kilometro Toulouse eta Bagneres de Bigorre artean. Iazko Vueltaren irabazlea Pello Bilbao eta Gregor Muhlbergerrekin iritsi da helmugara, eta azken bihurgunean aurretik sartu ostean onena izan da esprintean.

Pena izan da gernikarrarentzat, eguneko ihesaldian sartu eta, apurka-apurka atzetik aurrera eginez, indartsuenen pare ibili delako bizkaitarra. Giroan bi etapa irabazi ondoren, bere aurreneko Tourrean garaipen bat lortzea itzela zatekeen.

Tropela bederatzi minutu eta erdira iritsi da helmugara. Faboritoek ez dute ezer jakin nahi izan gaurkoan, eta Julian Alaphilippek minutu eta 12 segundoko aldea defendatuko du bihar Paueko erlojupekoan Geraint Thomasekiko.

Ihesaldi jendetsua

Ihesaldia sortzea ez da batere erraza izan. Txirrindulari eta talde askok nahi zuten aurrera egin, eta borroka ikaragarria izan da. Tropelak sekulako abiaduran bete ditu aurreneko kilometroak eta azkenean 45garren kilometro inguruan lortu dute 42 txirrindularik aurrera egitea.

Multzo handi horretan sartu diren euskaldunak Pello Bilbao (Astana) eta Imanol Erviti (Movistar) izan dira. Beste 40 txirrindulariak, hauexek: Sagan, Muhlberger, Oss eta Schachmann (Bora), Morkov; Naesen, Gallopin eta Frank (AG2R); Colbrelli,  Garcia Cortina eta Teuns (Bahrain), Groenewegen eta Teunissen (Jumbo); Bettiol, Clarke eta Scully (EF); Trentin eta Simon Yates (Mitchelton); Greg van Avermaet eta Pauwels (CCC); Rui Costa eta Kristoff (UAE); Felline eta Stuyven (Trek); Matthews, Arndt, Cees Bol eta Roche (Sunweb); Perichon eta Julien Simon (Cofidis); Benoot, Kluge eta Wellens (Lotto-Soudal), Calmejane (Total), Pasqualon (Wanty), Boasson Hagen eta Valgren (Dimension); eta Ledanois (Arkea).

Peyresourdeko igoeran hasi da borroka ihes egindako ziklisten artean. Aurrena Lilian Calmejane izan da bakarrik aurrera egin duena, baina atzetik Tim Wellens mendiko puntuen bila abiatu da eta gora iristerako harrapatu egin dute frantziarra.

Atzean, tropelak oso lasai hartu du eguneko lehen mendatea, ez da inolako mugimendurik izan, eta azkar ikusi da etapa garaipena aurrean egongo zela. Aldea sei minutu eta erdikoa zen. Peyresourde jaisten Simon Clarke izan da saiakera egin duena, eta australiarra bakarrik hasi da Hoquette d'Ancizan igotzen lasterketa buruan.

Mitchelton, bikain

Ihesaldiko oilar nagusiak, ordea, berehala hasi dira erritmoa bizitzen, eta Clarken abenturak ez du asko iraun. Matteo Trentin Mitchelton taldeko australiarra izan da erritmoa ipini duen ziklista, batez ere Simon Yates bere taldekidearen aukeretan pentsatuz.

Eta britainiarrak ez du bi aldiz pentsatu aurrera jotzeko. Hori bai, gurpilean berekin Gregor Muhlberger austriarra eraman du, eta zortzi gizoneko taldetxoa ere, Pello Bilbao tartean, ez da oso urrun igaro Ancizan gainetik, 35 bat segundora.

Jaitsiera hasi bezain laister, ordea, gernikarra arriskatzen hasi da eta berehala lortu du aurreko bi txirrindulariekin bat egitea, hirukote bat osatuz. Atzekoekiko aldeak, gainera, gora egin du eta minutu ingurukoa zen 20 kilometroren faltan. Atzeko taldetxoan Ag2r taldeko Roche eta Gallopin zeuden, baina ez dira ados ipini lana egiteko.

Hirukotea, aldiz, bikain moldatu da azken kilometro horietan eta garaipena beraien artean jokatu dute. Eta urduritasun une batzuren ondoren, Simon Yates izan da azken bihurgunean aurretik sartu dena eta hori izan da garaipena lortzeko gakoa.

«Ezin izan dut gehiago egin. Azken mendatean aurrekoekin bat egiteko indar asko xahutu behar izan ditut eta amaieran indar horiek falta izan zaizkit esprintatzeko. Pena da, baina erakutsi dut aukera izanez gero garaipenen borrokan egoteko maila dudala, eta pozik horregatik», airtortu dio Pello Bilbaok NAIZ Irratiari etapa amaitu bezain pronto.