Asier AIESTARAN

Alaphilippe liderrak sekulako erakustaldia emanda irabazi du Paueko erlojupekoa

Maillot horiak ehun urte bete dituen egunean, frantziarrak ezusteko handia eman du, espezialista guztiei aurrea hartuta. Hasieratik ezarri ditu denborarik onenak eta helmugan 14 segundo sartu dizkio Geraint Thomasi. [Zuzeneko jarraipena eta sailkapenak]

Alaphilippe nekatuta baina pozik iritsi da helmugara (Jeff PACHOUD / AFP)
Alaphilippe nekatuta baina pozik iritsi da helmugara (Jeff PACHOUD / AFP)

Julian Alaphilippe (Deceuninck) liderrak sekulako erakustaldia emanda irabazi du Tourreko 13. etapa, 27 kilometroko erlojupekoa Pauen. Frantziarrak hasieratik bukaerara denborarik onenak ezarri ditu eta 14 segundo sartu dizkio Geraint Thomas (Ineos) bezalako espezialista bati.

Alaphilippek lidertza indartu egin du nabarmen, eta ikusi egin beharko da noraino heltzeko gai den geratzen diren mendiko etapetan. Beste faboritoen artean, Thomas izan da tarteak atera dituena.

Denbora gutxi galdu eta pozik amaitu duten faboritoen artean, Steven Kruijswijk (Jumbo), Rigoberto Uran (EF), Enric Mas (Deceuninck) edo Thibaut Pinot (Groupama) aipatu litezke. Aldiz, denbora asko galdu dutenen artean daude Romain Bardet (Ag2r), Adam yates (Mitchelton) edota Nairo Quintana bera (Movistar).

Ia arratsalde guztian Thomas De Gendt izan da helmugan denborarik onena ezarri duena. Lotto Soudal taldeko belgiarrak 35 minutu eta 36 segundo behar izan ditu ibilbidea osatzeko, sekulako erakustaldia emanda. Argi utzi du ez dela ihesaldietan aritzeko txirrindulari soila, erlojuaren aurka ere badituela dohain handiak.

Wout Van Aert (Jumbo) zen gaurko etapa irabazteko faboritoetako bat, eta holandarra dezente inguratu da De Gendten denboretara tarteko hiru puntuetan, baina azken kilometroetan erorikoa izan du eta lasterketa utzi behar izan du.

Ez da lurrean amaitu duen txirrindulari bakarra izan, Stefan Küng (Groupama) eta Max Schachmann (Bora) ere erori egin dira, ibilbidearen zailtasuna agerian utziz.

Horrela, De Gendten denbora kolokan jarri duen lehen aurkaria Richie Porte tasmaniarra izan da. Trek taldeko ziklista segundo bakarrera zegoen 7. eta 15. kilometroetan, baina azkenean 8ra gelditu da helmugan.

Beste faborito asko ere gerturatu dira, Rigoberto Uran esaterako, baina Steven Kruijswijk izan da zazpigarren kilometroan belgiarraren denbora hobetu duen lehena. Eta bere atzetik, Geraint Thomas eta Julian Alaphilippe ere langa gainditzeko gai izan dira.

Bien bitartean, Rigoberto Uranek bigarren zatian lan bikaina egin du eta Thomas De Gendten denbora, 35:36, errepikatu egin du helmugan, nahiz eta ehuneneko batzuengatik atzetik geratu etapako sailkapenean.

Bi horien denbora hobetu dutenak Kruijswijk, Thomas eta Alaphilippe izan dira. 15. kilometroan frantziarra izan da denborarik onena lortu duena, Geraint Thomas baino sei segundo azkarrago.

Bazirudien, hortik aurrera, erlojupekoaren bigarren zati lauagoan, galestarrak buelta eman ziola egoerari, baina 22. kilometroan Alaphilippe oraindik bost segundo aurretik zegoen.

Eta ezusteko handiena helmuga puntuan iritsi da, Alaphilippek tartea handitu egin duelako, Thomasi 14 segundo sartuz eta jarraitzaile frantziarren artean sekulako poz eztanda sortuz.