NAIZ

Jagoba Vizuetek amaiera ipini dio karatean egindako 25 urteko ibilbide luzeari

Munduko Txapelketan bakarka lortutako brontzezko domina eta Europakoan taldeka erdietsitako zilarra dira bere ibilbideko lorpen esanguratsuenak.

Vizuete Jon Redondo eta Olatz Legarzarekin izan da prentsaurrekoa (IREKIA)
Vizuete Jon Redondo eta Olatz Legarzarekin izan da prentsaurrekoa (IREKIA)

Hausnarketa sakonaren ostean, Jagoba Vizuetek karatean izan duen ibilbide profesionala amaitutzat ematea erabaki du, diziplina honi eskaini dizkion 25 urteren ondoren pilatutako nekeagatik.

Arabarrak prentsaurrekoa eskaini du gaur Gasteizko gobernuaren egoitzan, eta azaldu duenez, egin duen lan guztiaz gain, urte hauetan sekulako zortea izan duela uste du. Horregatik, bere garapen profesionalean lagundu dioten pertsona eta instituzio guztiei eskerrak eman dizkie.

Vizuetek Tokioko olinpiar jokoetan lehiatzeko aukera guztiak agortu nahi izan ditu, lehen aldiz karatea programa olinpikoan sartuko baita, baina sailkatze-prozesua asko zaildu da. Hiru pisutara mugatu dute eta pisu bakoitzean hamar onenak lehiatuko dira soilik. Vizuete azken unera arte ahalegindu da hori lortzen, baina helburua ia ezinezkoa da gaur egun.

Jagoba Vizuete (Gasteiz, 1988/07/15) bost urterekin hasi zen karatea praktikatzen, anaiek animatuta, eta hamabi urterekin Espainiako txapeldun izan zen haur-kategorian. Gerora, estatu mailako 19 titulu lortu ditu eta nazioarte mailan ere arrakasta ugari izan ditu.

Munduko txapelketa batean banakako domina bat lortu duen lehen euskalduna izan da Vizuete. 2014an Bremenen (Alemania) jokatutako Munduko txapelketan gertatu zen, hirugarren postuan amaitu zuena.

Munduko txapelketako brontzeaz gain, 2018ko maiatzean Serbiako Novi Saden jokatutako Europako txapelketan erdietsitako taldekako zilarra ere nabarmentzekoa da.

Vizuete gorengo mailan aritu da 2018an eta 2019an. Leganeseko Espainiako txapelketan, hain zuzen ere, finalera iritsi zen eta bertan Babacar Seck (egungo Munduko brontzea) izan zuen aurrez aurre. Zilarra eskuratu zuen Jagobak.