Naiz
Donostia

Joxean Artze beka Sarrionandiaren poemei buruzko tesi doktorala egiteko izango da

Joseba Sarrionandiaren poemak aztertu ditu Ane Arandiak bere Master Amaierako Lanean. Bertatik lortutako ondorioak oinarrian izango ditu Joxean Artze bekari esker luzatu ahalko duen ikerketak.

Artzeren funtsarekin erakusketa osatu zutenean iragarri zuten beka bat martxan jarriko zutela. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Artzeren funtsarekin erakusketa osatu zutenean iragarri zuten beka bat martxan jarriko zutela. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Gipuzkoako Foru Aldundiak, EHUko Mikel Laboa Katedrarekin lankidetzan, Joxean Artze ikerketa-beka bat sortu du doktorego tesi bat egiteko euskal poesia eta literaturari buruz.  

Lehen aldiz deitutako beka honetara sei proiektu aurkeztu dira eta Mikel Laboa Katedraren ikergaietako bost aditu doktorez osaturiko hautaketa-batzordeak baloratuko ditu aurkezturiko curriculumak eta tesi-proiektuak eta Ane Arandiaren lana aukeratu du.

Arandiak doktoratu aurreko kontratu bat lortuko du, urtebeterako, ondoz ondoko beste hiru urtean berritu ahal izango dena, doktorego tesia EHUko sail edo institutu batean egin dezan. Aldundiak, aurten, 22.000 euro ditu helburu horretarako, eta beste horrenbeste, datozen hiru urteetarako. 

«Oso pozik nago, egindako lanarekin jarraitzeko gogoa nuen eta bekak asmoa aurrera eramateko aukera emango dit, Ezin kexatu beraz! Zenbait adituk proiektua irakurtzeak, horretan interesa izateak eta bideragarria dela ikusteak egin beharreko lanean hasteko indarrak ematen ditu zalantzarik gabe. Guztiz eskertuta nago aukera honengatik», esan du bekadunak.

Proiektu honen helburua Master Amaierako Lanarekin (MAL) jarraitzea izango litzateke. Aurreko lan horretan Joseba Sarrionandiaren ‘Kartzelako Poemak’ liburuaren Kritika Genetikoa burutu zen Arandiak. Proiektu honetan, berriz, lan horretako ondorioak idazle iurretarraren olerki corpus osora heda ote daitezkeen aztertzea proposatzen da, Kritika Genetikoa erabiliz.

Maneiatuko dituen hipotesiak honakoak dira: denborak aurrera egin ahala biolentzia agerikoago egiteko joera dagoela (gaiagatik/aldaketengatik); gero eta garbizaleagoa dela; argitalpenez argitalpen aldaketarik nabarmenena gehiketena dela; olerki bakoitzak bildumaren arabera bilakabide autonomoa duela; eta emakumeek presentzia handiagoa izateaz gain, haien funtzioa aldatzen dela denboraren poderioz. Amaitzeko, itzulpen liburuen edizio ezberdinetan eta bere sorkuntza lan propioak direnetan egindako aldaketek norabide bera jarraitzen duten aztertzea ere proposatzen da.