naiz
DONOSTIA

Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek Antigua auzoan izandako sexu erasoa gaitzetsi dute

Gipuzkoar hiriburuko Udaleko alderdi guztiek bat egin dute gaur goizean egindako elkarretaratzean eta «erabateko irmotasunez» salatu dute Antigua auzoan izandako sexu erasoa. Bide beretik, Batzar Nagusiek halako erasoei aurre hartzeko beharra nabarmendu dute. «Indarkeria matxistak jatorri estrukturala duen heinean, arazo honi erantzun eta aurre egiteko neurriek ere integralak izan behar dute».

Donostiako Udaleko alderdi guztietako ordezkariek elkarretaratzea egin dute udaletxearen aurrean Antigua auzoan izandako erasoa salatzeko. (DONOSTIAKO UDALA)
Donostiako Udaleko alderdi guztietako ordezkariek elkarretaratzea egin dute udaletxearen aurrean Antigua auzoan izandako erasoa salatzeko. (DONOSTIAKO UDALA)

Donostiako Udaleko alderdi guztietako ordezkariek elkarretaratzea egin dute udaletxearen aurrean Antigua auzoan izandako erasoa salatzeko. «Erabateko irmotasunez» gaitzetsi dute bizilagunak jasandako erasoa. Zentzu horretan, Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzionala adostu zuten atzo.

Udalak «babesa eta elkartasuna» adierazi dio «eraso tamalgarri» honen biktimari, bai eta bere familia eta hurbileko ingurukoei ere. Baieztatu dutenez, biktimari arreta zerbitzuak eta babes juridiko, soziala eta sikologikoa eskainiko zaio, baita «behar duen laguntza guztia» ere.

Bide beretik, Gipuzkoako Batzar Nagusiek erasoa gaitzetsi eta «elkartasuna eta babesa» agertu diete emakumeari, haren senideei eta gertukoei. «Lehen mailako arazotzat jotzen dugun indarkeria matxista da emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasun bidegabeen agerpenik larriena, eta berauen arteko botere-harremanetan du jatorria, emakumeak mendean mantentzeko helburua duelarik», adierazi dute adostutako idatzian.

Eraso berri honen aurrean, herritarrei «emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde konpromiso pertsonal eta kolektiboak hartzeko» eskatu diete. «Arazo kolektiboa da, eta guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea, emakume zein gizonei, herritarrei, elkarteei eta erakundeoi dagokigu erantzutea», gaineratu dute. Zentzu horretan Batzar Nagusiek «konpromisoa» hartu dute «erakunde gisa, berdintasunaren aldeko eta emakumeen kontrako edozein erasori aurre egiteko lanean jarraitzeko eta gainerako erakundeei eskatzen diete lidergoa har dezaten indarkeria matxistarik gabeko Gipuzkoa eraikitzeko eginkizunean».

Laguntza, baliabide, zerbitzu eta babes guztia jarri dute biktimaren eskuetan. Halaber, eraso honen egilea epailearen aurrera eramateko ikerketak ohiko arretaz egitera eskatu diete Segurtasun eta Justizia arduradunei. «Indarkeria matxistak jatorri estrukturala duen heinean, arazo honi erantzun eta aurre egiteko neurriek ere integralak izan behar dute. Erronka pertsonen arteko harremanak berdintasunean oinarritzea da», azpimarratu dute. «Horregatik dei egiten dugu pertsonen sozializazioaren prozesuei diziplina anitzeko esparruetatik heltzeko, erakunde publikoetatik emakume eta talde feministekin elkarlana eraikiz».