NAIZ

Lamincerreko langileek kidearen heriotza argitzeko eskatu diete herri administrazioei

Mungiako enpresako langileak 24 orduko lanuztea egiten ari dira gaur, joan den ostiralean hildako lankidearen heriotza salatzeko. «Egon litezkeen erantzukizunak garbitzeko» eskatu die langile batzordeak administrazio publikoei.

Lamincerreko langileen elkarreratzea, hildako kidea oroitzeko. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Lamincerreko langileen elkarreratzea, hildako kidea oroitzeko. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Mungiako Lamincer enpresako langile batzordeak administrazio publikoei eskatu die joan den ostiralean gertaturiko lan istripuan hil zen 57 urteko lankidearen heriotzaren «arrazoiak argitzeko eta egon litezkeen erantzukizunak garbitzeko».

LABek jakinarazi duenez, enpresako langileak 24 orduko lanuztea egiten ari dira gaur. Lehenik eta behin, elkartasuna eta babesa erakutsi diete hildako Sukarrietako 57 urteko lankidearen familiari eta ingurukoei. Elkarretaratzean bildu dira goizean, enpresaren atarian, ‘Lan istripu gehiagorik ez. Txema gogoan’ pankartarekin.

Iturri berek azaldu dutenez, antza denez, beste langile batek bobina handi bat zeraman Fenwick orga jasotzaile batean, bobinak ez zion lankidea ikusten utzi eta harrapatu egin zuen.

Gutxienez 28 hildako

LABen datuen arabera, gutxienez 28 dira urte hasieratik Euskal Herrian lanean hildakoak, horietariko bederatzi Bizkaian. «Hilabete hasieratik Euskal Herrian hiltzen den hirugarren langilea da, ematen du berriro gaudela istripuen udako gorakadaren aurrean, astean langile bat hiltzera eramaten duena. Gure ustez, igoera hau, gainontzeko lan istripuak bezala, ez da kasualitatearen ondorio», adierazi du sindikatuak ohar batean.

CCOO eta UGT

CCOOek ere bat egin du 24 orduko lanuztearekin eta elkarretaratzearekin. Sindikatuko industria sailak atsekabea azaldu du eta babesa erakutsi die hildako langilearen hurbilekoei. Lan istripuak urtez urte ugaritzen ari direla azpimarratu du eta agintariei eskatu die «neurri askoz ere irmoagoak hartzeko» prebentzio legeak betetzen ez dituzten enpresekin.

UGTk bere aldetik deitu du kontzentrazioa, 11.00etan, sindikatuak Bilbon duen egoitzaren aurrean, bertako ordezkaria zen langilea oroitu eta lan istripuen gorakada salatzeko, «bereziki siderurgia arloan». ‘En el trabajo accidentes cero. Lan istripu gehiagorik ez’ leloarekin egin dute elkarretaratzea.

«Ezin da onartu langileok lan egiteagatik bizitza galtzea», adierazi du UGTk. Botere publikoei exijitu die enpresak gehiago kontrolatzeko. Fiskaltzari, aldiz, istripuak ikertzeko galdegin dio.