NAIZ
Getaria

Elkanoren itsasoratzea jaialdi batekin ospatuko dute Getarian irailaren 14 eta 15ean

Lehen mundubira gogoratzeko Elkanoren itsasoratzea ospatuko dute getariarrek irailaren 14 eta 15ean. Herriko gizarte zein kultur eragile desberdinek, Getariako Udalak eta Elkano 500 Fundazioak diseinatu eta antolatutako egitaraua izango du jaialdiak.

Elkanoren itsasoratzea aurkeztu dute gaur Getarian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Elkanoren itsasoratzea aurkeztu dute gaur Getarian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Lehen mundubira bilakatu zen espedizioa 1519ko irailaren 20an itsasoratu zen Sanlucar de Barramedan. Datorren irailean, efemeride horren 500. urteurrena baino egun gutxi lehenago, getariarrek gertakari hori gogoratuko dute.

Horretarako, Elkanoren itsasoratzea jaialdia antolatzen ari dira, elkarlanean, Getariako Udala, Elkano 500 Fundazioa, herritarrak eta herriko eragileak. Jaialdia parte hartzailea, ludikoa eta dibulgatiboa izango dela iragarri dute gaur. Gainera, 2022 artean, jarraipena izango duen ekimen zabalago baten lehen ekintza izango dela ere aurreratu dute. Izan ere, ‘Mundubiraren ubera’ lelopean, «iraganaz hausnartu nahi dugu, begirada ireki batekin, oraina ulertzeko abiapuntu bezala», Getariako alkate Haritz Alberdik adierazi duenez.

Elkanoren itsasoratzea irailaren 14 eta 15eko asteburuan egingo da eta publiko desberdinei zuzendutako egitaraua izango du. Besteak beste, jolasak, tailerrak eta musika egongo dira haur eta gazteentzat, sukaldaritza lehiaketa eta herri bazkaria, eta erakusleiho lehiaketa. Baita itsasoratze sinboliko bat ere, mundubiraren espedizioan parte hartu zuten euskal herrietako ontzien parte hartzearekin.

Aurreko egunetan hitzaldiak eta solasaldiak egongo dira, eta baita behaketa astronomiko bat ere San Antonen (Getariako arratoia).

‘Muntubiraren ubera’

Haritz Alberdi alkateak adierazi du jaialdi hau ‘Mundubiraren ubera’ lelopean eta ikuspegi amankomun batekin Getarian antolatuko den egitarau zabalago baten lehen urratsa dela. «Mundubira jakin-minez begiratu nahi dugu», ziurtatu du. «Iraganarekin ados edo kontra egon gaitezke, eroso edo deseroso senti gaitezke, baina hortik haratago, iraganaz hausnartzeko aukera emango digun begirada irekia izan behar dugu oraina ulertzeko abiapuntu bezala».

Itsasoratze sinbolikoa eta partekatua

Jaialdiko ekitaldi guztiak doakoak izango dira eta Elkano gogoratzeaz gain, «historian zehar itsasora joan diren milaka euskaldunak ere gogoratu nahi ditu».

Ekitaldi nagusia Getariatik egingo den itsasoratze sinbolikoa izango da eta euskal herrietatik parte hartu zuten ontziak ere bertan izango dira, Ondarroakoak, Bermeokoak edo Lekeitiokoak, kasurako.

Asteburua girotzeko dibulgazio astea ere antolatzen ari dira. Elkano 500 Fundazioaren irizpideekin bat eginez, ikuspegi historikoa eta zientifikoa uztartuko duten hitzaldiak egingo dira. Mundubira ikuspegi desberdinetatik aztertzeko asmoz, solasaldiak ere egingo dira, filosofia, antropologia, astronomia, medikuntza edota gastronomian adituak diren pertsonen parte hartzearekin.