Auzitegi Gorenak ez du CAFen helegitea onartu eta Tolosa langilea amiantoagatik hil zela baieztatu du

EAEko Auzitegi Nagusiak frogatutzat eman zuen joan den urtean Celestino Tolosa amiantoagatik hil zela eta gakoa izan ziren bere birikak, bere eskariz gordeak. Borroka pila egin zuen bizitzeko eta langileak babesteko. Eta alabak eta alargunak borroka segitu zuten. CAFeko zuzendaritzak helegitea jarri zion epaiari, baina espainiar Auzitegi Gorenak ez du onartu.

Maider IANTZI|2019/07/23 15:49
Celestino
Kontxi Urbieta eta Otsanda Tolosa, Celestino Tolosaren alarguna eta alaba, joan den urrian Irunen egindako elkarrizketan. (Andoni CANELLADA/FOKU)

CAFeko zuzendaritzak EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiari helegitea jarri zion joan den azaroan. Sententzia horrek frogatutzat eman zuen Celestino Tolosa tren enpresan lanean ari zela arnastutako amiantoagatik hil zela. Familiak haserrea eta amorrua sentitu zituen enpresaren jarreraren aitzinean, baina jada irabazi zutela-eta bakean zeuden. Orain, euren garaipena berretsi du espainiar Auzitegi Gorenak, CAFen errekurtsoa baztertuta.

«Justizia egin da. Dolua ixteko eta aitari bere tokia emateko premiazkoa zen», nabarmendu zioten GARAri Celestino Tolosaren alargunak eta alabak, Kontxi Urbietak eta Otsanda Tolosak, urrian beren herrian, Irunen egindako elkarrizketan.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Celestinoren heriotza amiantoak eragin zuela ondorioztatu zuen. Frogatutzat eman zuen laneko gaixotasunagatik zendu zela eta horretarako gakoa izan ziren langilearen birikak, Santanderreko Valdecilla Ospitalean Celestinoren beraren eskariz gorde eta aztertu zituztenak. Amiantoz beteta ikusi zituzten birikak.

Epaia historikotzat jo zuten, eta elkarrizketak eman eta eman ibili ziren ama-alabak, euskal hedabideei eta espainiar Estatu mailakoei ere bai. «Pixka bat gaindituta, baina pozik» zeuden.

Enpresako zuzendaritzaren jarrera

«CAFen aldetik ez dugu inongo erantzunik eta laguntzarik izan. Erreparazio bat egin behar du enpresak, eta barkamena eskatu publikoki», adierazi zuten enpresaz.

Epaia ez zen oraindik irmoa eta hamar eguneko epea zegoen helegitea aurkezteko. Epea agortzear zegoela, CAFen zuzendaritzak helegitea aurkeztu zuten sententziaren aurka, hala familiaren prozesua luzatuz. Baina zortzi hilabetetara, espainiar Auzitegi Gorenak errekurtso hori baztertu du eta Tolosaren sendiak behin betiko garaipena lortu du. Auto honen kontra ezin da helegiterik jarri.