Naiz
Donostia

Txikijazzaren 7. edizioa lau egunetan zehar luzatuko da

Duela lau urte osatu zen Txikijazz Big Band taldeak bere musikarien lehen belaunaldia agurtuko du, lehen edizio hartan 10 urterekin sartu ziren haurrek aurten hartuko dutelako parte azken aldiz, adin muga gaindituko dutelako.

Txikijazz Big Band taldea, iaz. (NAIZ)
Txikijazz Big Band taldea, iaz. (NAIZ)

Txikijazz, Jazzaldiaren barruan haur eta gaztetxoei zuzendutako egitaraua, zazpigarren urtez antolatuko dute aurten. Oraingoan lau egunetan zehar luzatuko da, uztailaren 25etik 28ra, Kursaaleko terrazetan eta Tabakalerako 4. solairuko Kutxa Kultur Plazan. Eguerdiko musika saioak eskainiko dituzte, 12.00etan eta 14.00etan, doan.

Horren baitan Dan Barrett Classic Jazz All Stars, Broken Brothers Brass Band, Makala & Jimmy Bidaurreta, Descarga libre seikotea eta Txikijazz Big Band kontzertuak eskainiko dituzte.

Horrez gain, ilustrazio, estanpazio, ‘hama beads’ eta musika tresnak egiteko tailerrak, aurpegi margoketa eta klake ikastaroak izango dira.

Erreleboa

Txikijazz Big Band taldea iazko kontzerturen ostean kideak berritu eta berriro martxan jarri da. Aurtengo kide berriak hautatzeko otsailean abian jarri zen entzunaldi prozesura hogeitamar bat lagun aurkeztu ziren, eta guztien artean 19 ume hautatu zituzten.

Hala, aurten bandak 8 eta 14 urte arteko 45 haur izango ditu. Uztailean ordu beteko kontzertua eskaintzeko asmoz entseguak egiten hasi ziren apirilean. Aurten bandak kontzertua eskaintzen duen laugarren urtea izango da.

Emanaldi berezi honek itxiko du Txikijazz, igandean 12.30etan Kursaaleko terrazetan. Egun horretan lehen edizioan 10 urterekin sartu ziren haurrek parte hartzeko adin muga gaindituko dutenez agur esango diote bandari.