Tourra Bernalentzat, etapa Nibalirentzat, eta Alaphilippe podiumetik kanpo geratuko da

Italiarra izan da ihesaldiko txirrindulari indartsuena Val Thorenseko helmugan. Faboritoen artean, Ineosek ez du arazorik izan lehen bi postuak ziurtatzeko eta Kruijswijk hirugarren postuarekin pozik geratu da. [Zuzeneko jarraipena eta sailkapenak]

Asier AIESTARAN|2019/07/27 16:08
Loading player...

Vincenzo Nibali beteranoak irabazi du Tourreko 20. etapa, eguraldiak behartuta 59 kilometrora moztua Albertville eta Val Thorens artean. Italiarra eguneko ihesaldian sartu da eta bera izan da indartsuena, helmugara bakar-bakarrik iritsita.

Eta atzeko borrokan Egan Bernalek ez du arazorik izan lidertzari eusteko. Tourra irabazten duen lehen kolonbiarra izango da 22 urterekin.

Sufritu duena Julian Alaphilippe izan da. Frantziarra 13 kilometroren faltan atzean geratu da eta hiru minutu galdu ditu helmugan. Azkenean, beraz, Geraint Thomas izango da bigarren sailkapen nagusian, Steven Kruijswijk hirugarren, Emanuel Buchmann laugarren eta Alaphilippe bosgarren.

Euskaldun onena Mikel Landa izango da berriz ere, seigarren postuan. Gaurko etapan ere saiatu da azken metroetan Nibali harrapatzen, baina ez du lortu bere helburua eta hirugarren sartu da helmugan, Valverderen atzetik.

Jumbok egin du lana

Jumbo Visma taldea izan da hasiera-hasieratik erritmoa bizitu duena, Kruijswijken aukerak baliatzeko. Baina hasieran erritmoa gehiegizkoa ere izan da eta mendatearen erdialdera iritsita hanka apur bat altxatu behar izan dute.

Berehala ekin diote berriz ere lanari, ordea, eta Laurens De Plus izan da faboritoen taldean aukeraketa handiena egin duena. Horren handia, ezen Julian Alaphilippe lehertuta utzi du helmugarako 12 kilometro pasa faltza zirenean.

Deceuninckeko frantziarrak ezin izan du aurrekoen erritmoa jarraitu eta nahikoa lan izan ditu Enric Mas taldekidearen gurpila jarraitzen ere.

Kruijswijkek, ordea, ez du inolako mugimendurik egin lehen edo bigarren postura hurbiltzen saiatzeko, eta faboritoen arteko borroka ez da bereziki ikusgarria suertatu.

Ikusgarriagoa izan da Nibaliren lorpena, 34 urterekin eta Girotik etorrita, etapa garaipen bikaina lortu duelako. Italiarra izan da indartsuena Gorka Izagirre eta Omar Fraile sartu diren eguneko ihesaldi jendetsuan.

Dena prest, beraz, Egan Bernalek eta Ineos taldeak igandean Parisen garaipena ospatu dezaten.