NAIZ
GASTEIZ

EHUk larrialdi klimatikoa aitortu du, munduko unibertsitate batzuekin bat eginez

Larrialdi Klimatikoaren Adierazpena sinatzean, EHUk oinarrizko bost konpromiso hartzen ditu, haien artean karbonoan neutrala izatea 2030 urterako.

Berotzearen ondorioak. (EHU)
Berotzearen ondorioak. (EHU)

Larrialdi Klimatikoaren Egoera aitortzeko Adierazpenarekin bat egin du EHUk. Ekimen hori Nazio Batuen Erakundeak eta Britania Handiko Unibertsitate eta Ikastegien Elkarteak (EAUC) elkarrekin sustatu dute, eta mundu osoko goi mailako hezkuntzako erakundeen laguntza du.

Unibertsitateak ohar batean azaldu duenez, EHUk bat egiten du goi mailako hezkuntza zentroen ekimenarekin. «Ekimen horrek aldaketa zorrotza eskatzen du, berotze globala eta bere ondorioak leheneratzeko, 2019ko irailaren 23rako Nazio Batuetako idazkari nagusiak deitutako Ekintza Klimatikoari  buruzko Goi-bilera dela eta», adierazi du.

Larrialdi Klimatikoaren Adierazpena sinatzean, EHUk oinarrizko bost konpromiso hartzen ditu: karbonoan neutrala izatea 2030 urterako; unibertsitateko kideak ahalduntzea, aldaketa klimatikoaren ondorioak arintzeko eta haietara egokitzeko neurriak ezarri eta martxan jartzeko; aldaketa klimatikoari buruzko ikerketarako eta tekniketarako baliabideak mobilizatzea; unibertsitate campusetan ingurumen-hezkuntza eta iraunkortasunaren programak sortzen laguntzea; eta beste erakunde batzuekin aldaketa klimatikoari buruzko ezagutzak partekatzea, eta erronka horren aurrean elkarlana bultzatzea.

Halaber, EHUk gobernu eta beste hezkuntza zentro batzuei eskatzen die ekimen honekin bat egitea, larrialdi klimatikoaren egoera aitortuz eta pertsonentzako eta planetarako etorkizun hobea ekarriko duten jarduera zehatzak bultzatuz. Proposamena nazioarteko 25 sarek baino gehiagok bermatu dute, besteak beste, Hezkuntza Iraunkorrerako Ekimena (HESI, ingelesez), Global Alliance edo Second Nature sarea, aipatu EAUCz gain. Sare horiek orotara 7.000 erakunde ordezkatzen dute.