NAIZ
IRUN

G7 dela eta, Ertzaintzak «mugaz bestaldera» ez bidaiatzeko gomendioa zabaldu du

Irungo Ertzain Etxeko Buruzagitzak ohar baten bidez jakitera eman duenez, heldu den abuztuaren 19 eta 26 bitartean segurtasun dispositibo berezi bat ezarriko du martxan. Egun horietan garraio publikoa erabiltzeko gomendioa emateaz gain, «guztiz gomendagarria ez bada, mugaz bestaldera ez bidaiatzea» aholkua zabaldu du.

Auto pilaketa handiak gerta daitezke mugan, hurrengo egunetatik hasita. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)
Auto pilaketa handiak gerta daitezke mugan, hurrengo egunetatik hasita. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Eragin handikoa da oharra. Izan ere, 5.000 bat gipuzkoar bizi dira Lapurdin eta horietatik askok egunero muga zeharkatzen du lanera joateko.
Biarritzen ospatuko den G7 taldeko gailurrak abuztuaren 24tik 26ra iraunen badu ere, Ertzaintzak indarrean emanen duen segurtasun plana lehenagotik hasiko da.
Hain zuzen ere, Irun eta Hendaia artean iraganen den kontrako gailurraren denboran –19an hasiko da topaketa– dagoeneko indarrean izanen da aipaturiko dispositiboak. Hala ondoroztatu daiteke Ertzaintzak zabaldu berri duen oharra irakurrita.
Irungo Ertzain Etxeko Buruzagitzak izenpeturiko oharrean adierazten denez, udako oporraldien itzuli operazioak, alde batetik, eta mugan ezarriko diren ibilgailuen kontrolak, bestetik, zirkulazioa zaildu dezakete ez soilik 24tik eta 26ra bitartean baizik eta aurreko egunetan ere.
Hori dela ere, garraio publikoa erabiltzeko gomendioa eman du Irungo Ertzaintzak.
Topo ez da Hendaiara helduko
Izan ere, Donostia eta Hendaia arteko Topo zerbitzua Ficoban geldituko denez, garraio publikoaren bidez Hendaiara arribatzea zaila izanen da.
Oroitarazi behar da, ordea, Lapurdiko kostan -Hendaian, Urruñan, Azkainen, Donibane-Lohizunen..- bizi diren milaka lagun batzuk Hego Euskal Herrira joan-jinak egiten dituztela egunero Gipuzkoan lan egiteko.
Baionan espainiar Estatuak duen Kontsuletxean 5.800 bat gipuzkoar erroldatuta daude. Horietatik kopuru handi batek egunero egunero muga zeharkatzen du Gipuzkoan lan egiten duelako.