NAIZ

‘Eskola zaharra’, Marianitoz Blai talde nafarraren disko berriaren aurrerapena

Marianitoz Blai talde nafarrak bere bigarren estudioko lana, ‘Bigarren abisua’, kaleratu berri du. Aurrerapen gisa, ‘Eskola zaharra’ kantuaren bideoklipa aurkeztu du, ohiko mex&roll ukituz datorren abesti dantzagarria.

Marianitoz Blai talde nafarra bueltan da bere estudioko bigarren lanarekin: ‘Bigarren abisua’. Gai anitzak jorratzen dituzten hamaika kantuz osatutako diskoa da. «Genero desoreken inguruko autokritika, euskal preso eta iheslari politikoekiko atxikimendua, Xabierraldien bestelako interpretazioa, herri mugimendu eta autogestioari gorazarrea edota Mikel Zabaltzaren auzia eta torturaren inguruko salaketa dira XXI. mendeko bardo hauen abesti berrietan aurki daitezkeen gaiak», azaldu dute taldekideek.

Diskoa Iruñeko Sound of Sirens estudioetan grabatu, nahastu eta masterizatu dute 2019ko apirila eta ekaina bitartean, Julen Urzaizen eskutik, eta, «gitarrekin zein koroekin beharrezko bultzada emateko» hainbat lagunen partaidetza izan dute.

Momentuz, diskoa zenbait tabernatan eskuratu daiteke formatu fisikoan eta taldearen Youtube kanalean ere entzun daiteke osorik. Aurrerapen bideoklipa ere aurkeztu dute, ‘Eskola zaharra’. Erik Aldazek osatu du bideoklipa eta «taldeko kideak nolabait markatu dituzten pertsonak, eragileak edo ekintzak omentzen dituen kantua» dela zehaztu dute taldekideek.

Diska honen irteerak taldearen 10. urteurrenarekin egin du bat. «Mex&roll estilo propioan esploratzen eta Euskal Herriko herrietan barna jotzen gelditu gabe pasatu diren 10 urte izan dira eta taldea kontzertuz kontzertu eginen duen ospakizunerako prest dago», ziurtatu dute.