NAIZ

Santa Klarako interbentzio artistikoak kalte ekologikoak ekar ditzakeela salatu dute

Cristina Iglesias artista Donostiako Santa Klara uharteko itsasargian burutzen ari den arte instalazioak turismoa sustatu eta kalte ekologikoak ekar ditzakeela salatu dute Bizilagunekin plataformak, Ekologistak Martxanek eta Haritzalde naturzaleen elkarteak.

Santa Klaran afixa ezarri dute balizko kalte ekologikoak salatzeko. (NAIZ)
Santa Klaran afixa ezarri dute balizko kalte ekologikoak salatzeko. (NAIZ)

Cristina Iglesias artista Santa Klara uharte donostiarrean burutzen ari den arte instalazioarekin arduratuta agertu dira gaur auzotarren Bizilagunekin plataforma, Ekologistak Martxan eta Haritzalde Naturzaleen elkarteko kideak. Uhartean ezarri duten afixa erraldoi baten bidez, aipatu interbentzioak uhartean sor ditzakeen kale ekologikoak salatu dituzte.

«Gure kezka Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak irla bezain hauskorra zein ekologikoki aberatsa den gune natural batean bertara jende gehiago erakarri dezakeen interesgune bat jartzeko apustua egin izana da, ez bakarrik proiektu honi babes legala emanez, baizik eta hura ere diruz lagunduz», argudiatu dute. Izan ere, Udalak eraikina egokitzeko 270.000ko inbertsioa egingo du eta Aldundiak beste 200.000 euro jarriko ditu. Momentuz, proiektuaren aurrekontu osoa 1,4 miloi euro ingurukoa da. 

Proiektua Donostian ematen ari den turistifikazio prozesuari lotua dagoela uste dute, instalazioak uhartera bisitari gehiago erakarriko lituzkeela iritzita.

Espezie babestuak arriskuan

«Irla eremu txiki bat izanda ezingo luke gaur egun jasaten duen pertsona kopuru askoz handiagoa jasan. Gainera, pertsona kopuruak gora egiten badu, beldur gara bertara iristen diren garraio zerbitzuak edo horniketarako behar diren azpiegiturak handitzeko interes eta ahaleginek gora egitea» azaldu dute euren kezka, eta horrek bertako ekosistema eta intereseko fauna espezieak arriskuan harriko lituzteela ziurtatu dute.

Bide horretatik, uhartean Mehatxaturiko Espezieen Euskal Katalogoan dauden espezieak badaudela ekarri dute gogora, esaterako belatz handia, kaio beltza, kaio iluna edo ubarroi mottoduna, eta baita bertako ekosisteman bakarrik bizi diren espezieak ere, Urgulleko sugandila kasu.

Proiektuaren sustatzaileek masifikazio arriskurik ez dagoela esan badute ere Donostiako PSE eta EAJk proiektuaren ingurumen-inpaktua neurtzeko azterlana egiteari uko egin diotela ere salatu dute. «Gaur egun lanak aurrera doaz eta oraindik ez dago ondorio horiek baloratuko dituen dokumentu ofizialik», arbuiatu dute.

Hala, erakunde publikoei uhartea babesteko «konpromiso finko eta loteslea» hartzea eskatu diete, «hitz politak haizeak eramaten dituelako, baina gure ondare naturalaren suntsiketak ez du atzerapausorik izango», eta Donostian espazio publiko eta naturalen merkantilizazioa salatzen duten hiritarrak «geroz eta gehiago» direla ekarri dute gogora.