Dabid Lazkanoiturburu

Garraioan kaosa nagusi Hong Kongen greba orokorrean

Txinaren aurkako oposizioak Hong Kongen ia ia ezagutzen ez den greba orokor baten bitartez bertako garraio sistema ezin hobea hankaz gora jartzea lortu du. Pekinek arazo larria du «Herrialde bat, bi Sistema» formulari eusteko 1997ra arte britainiarren kolonia izan zen lurraldean.

Manifestari bat Poliziaren aurka. (ANTHONY WALLACE /AFP)
Manifestari bat Poliziaren aurka. (ANTHONY WALLACE /AFP)

Hong Kong bi gauzetatik da ezaguna, beste batzuren artean, mundu osoan. Munduko finantzen tenploan grebak ezohiko fenomenoak dira, are gehiago orokorrak. Bestetik, 7 milioi biztanle dituen Hong Kongen garraioa oso ondo antolatua dago.

Bi baldintza hauek hankaz gora jarri ditu gaur Txinaren aurkako oposizioak deitu duen greba politikoak. Hiru egunetako mobilizazioen ondoren milaka eta milaka dira lanera joan ez diren funtzionarioak, langileak, pilotoak eta autobus gidariak.

Hala ere, grebaren eragina garraio publikoak igarri da batez ere. Goiz goizetik piketeek Metroko ateak blokeatu dituzte eta ez diete trenei irtetzen utzi. Kaosa sekulakoa izan da eta geltoki ingurutan jendearen lerroak amaiezinak izan dira. Hong Kongeko metroa izugarri puntuala da eta linea askotan 3.500na bidaiari garraiatzen ditu minuturo.

Kaosa lurraldeko bidegurutze eta bihurgune estrategikoetara hedatu da eta Poliziak gas negareragilea jaurti du manifestarien aurka.

Tentsio uneak ere izan dira piketeen eta lanera joan nahi zutenen artean.

Garraio publikotik at,  munduan zehar mugimendu handiena dituenen artean dagoen Hong Kongeko aireportuan 200 inguru hegaldi bertan behera utzi dute, gehienak Cathay Pacific bertako konpainiarenak.
Sindikatuek jakitera eman dutenez, hainbat langile eta piloto ez dira lanera agertu.

Dixon Wong politologoaren ustez, «grebak arrakasta handia duela dirudi eta jarraipen horrek poliziaren eta manifestarien arteko liskarren areagotzean du oinarria».

Sindikatuen ia ia inolako oihartzunik ez duten Hong Kong greba deialdi baten bidez gelditzea ez da batere ohikoa, beraz, duela bi hilabete hasi zen Txinaren aurkako herri mugimendua bizirik dagoela adierazten du.
«Hong Kong suntsitu».

Azken bi asteotan egin duen lehen agerraldi publikoan, Carrie Lam Hong Kongeko gobernu buruak lurraldea suntsitzeko asmoa egotzi dio oposizioari. «Iraultza baten bidez Hong Kong errekuperatzea nahi dutela diote eta asmoa hauek hasieran agertu zuten eskaretatik askozaz urrunago doa», azaldu du.

«Hong Kongeko eraginkortasuna eta prosperitatea suntsituko dute», ohartarazi du, «Gobernuak legea eta ordena mantentzeko tinko eutsiko»  duela gaineratuz.