Jon Ormazabal

Ezkurdia-Martijak uste baino errazago lortu dute finalerako txartela

Nafarrek partida borobila egin duten bitartean, Irribarria eta Rezusta une oro deseroso egon dira kantxan, euren jokoa topatu ezin

Joseba Ezkurdiak hirugarren garaipena nahi du Gasteizen (Idoia ZABALETA/FOKU)
Joseba Ezkurdiak hirugarren garaipena nahi du Gasteizen (Idoia ZABALETA/FOKU)

Ezkurdia-Martija izango dira Bengoetxea VI.a-Imazen aurkariak ostiraleko Gasteizko torneoaren finalean, bigarren finalerdian Irribarria eta Rezustari uste baino askoz errazago, (12-22) irabazi ostean. Eta pronostikoak oso bestelakoak izan arren, ezin inondik inora esan markagailua gehiegizkoa denik, bikote nafarra oso nagusi izan da eta baita jokoan ere.

Azkar hartu dute Ezkurdia-Martijak aldea markagailuan (3-8), kantxan askoz erosoago aritu baitira hasieratik. Udan nahi baino partida gutxiagorekin, sanferminetan irabazi ostean, Gasteizen hirugarren garaipena nahi duela argi utzi du Joseba Ezkurdiak, atzelariari airez asko laguntzeaz gain, tantoa amaitzen ere bikain aritu baita.

Gainera, hiru egunetan jokatzen zuen hirugarren partida bazen ere, Julen Martijak ere inolako arazorik gabe eutsi dio Beñat Rezustari atzelarientzat horren zaila den pilotaleku batean. Oso seguru aritu da Etxeberrikoa eta gainera, pilota ezker paretan sartuz, apenas eman die aukerarik gorriei. Kezkagarriena, partida 11-20 zela, Irribarriaren dejada batera heldu nahian zebilela, eskuin eskumuturra okertu duela frontisaren aurka jota. Minez bada ere, partida amaitzea lortu du eta ikusi egin behar ea ostiralerako zenbat eragiten dion.

Gorriak, ezinean

Gipuzkoarrak, aldiz, partida oso galduta ikusi duten arte, 7-20 ere galtzen joan dira, euren jokoa aurkitu ezinik aritu dira. Igandean Beran partida handia egin zuten elkarrekin, batez ere Iker Irribarriak, baina inspirazioa Bortzirietan agortu zitzaiola ematen du, zuloak aurkitu ezinda aritu baita.

Rezustak ere, eskuetatik hobeto dagoela ematen duen arren, ez du zulo handiegirik topatu eta ez da aurrean izan duen atzelaria baino gehiago izan.