Ubik liburutegia zabalduko dute berriro, bitartekarien eta enpresaren akordioaren ondotik

Donostiako Tabakalerako sormen liburutegiak, Ubik-ek, ateak irekiko ditu berriro bihar. Bitartekari taldeak eta zerbitzua kudeatzen duen enpresak, Sedenak, gaur amaitu dute negoziazio prozesua, greba bertan behera uzten duen eta lan baldintzen hobekuntzak jasotzen dituen akordioa sinatuta.

NAIZ|2019/08/07|0 iruzkin
Ubik2
Ubik liburutegiak hainbat zerbitzu eskaintzen ditu, publiko espezializatuarentzat zein orokorrarentzat. (Ubik)

2018ko abenduaren 22an hasi zuen Donostiako Ubik-eko bitartekari taldeak greba, eta orduz geroztik itxita egon da sormen liburutegia. Zerbitzua eta programazioa eten egin ziren. Zazpi hilabete baino gehiagoko borroka eta gero, bitartekariek eta Sedena enpresak, zerbitzua kudeatzen duenak, akordioa lortu dute. Ondorioz, Ubikek ohiko zerbitzua eskainiko du bihartik aitzinera herritar guztientzat.

Gaur goizean sinatu dute hitzarmena. Besteren artean, bitartekari taldearen lan baldintzen hobekuntza jasotzen du: %32,3ko soldata igoera, beste hobekuntza ekonomiko batzuekin batera; langileen gaur egungo lan jardunaldia jaistea; eta lan txandekin lotutako beste hobekuntza batzuk, bereziki asteburuei dagozkienak.

Lizitazio berri bat

Tabakalerak ohar batean iragarri duenez, gatazkaren hasieratik hartutako konpromisoa berretsiz, eta lehenengo unetik publikoki adierazi duen moduan, lizitazio berri bat aterako du aretoaren zerbitzuak kontratatzeko, hilabete honetan bertan. Lizitazio horrek langileen eta Sedena enpresaren artean hitzartutako lan baldintzen hobekuntzak posible eginen ditu.

Liburutegiaren ezaugarriak

Sorkuntza liburutegiak 2.300 metro karratuko espazioa du Tabakalerako bigarren solairuan. 10.00etatik 20.00ak arte egoten da zabalik asteartetik larunbatera, eta 10.00etatik 14.00ak arte igande eta jaiegunetan. 2018an 180.000 bisitari izan zituen.

Hainbat zerbitzu eskaintzen ditu, bai publiko espezializatuarentzat bai edozein herritarrentzat: edukiak, musika tresnak, ordenagailuak eta argi-mahaia espazioan bertan erabiltzeko aukera; eduki eta gailuen mailegua (tabletak, bideokamerak eta argazki kamerak); edizio postuak (ikus-entzunezkoak, irudia, diseinua...); sorkuntza txokoak (teknologia, kroma, soinu grabaketa eta autoedizioa) eta ikasketa, sorkuntza eta ikerketarako laguntza.

Horrez gain, programazio zabala antolatzen du urte osoan, eta kasik 30.000 erreferentzia dituen katalogoa du.

Itxita egon den bitartean, eta negoziazioak aitzinera egin duen bitartean, bitartekariak ez diren liburutegiko gainontzeko langileek lanean jarraitu dute Ubiken, grebarekin bat egin ez duten lau bitartekarirekin batera.

Tabakaleraren «poza»

Tabakalerak bere «poza» adierazi du herritarrentzako zerbitzu hau berriro martxan jartzea posible egiten duen akordioa lortu izanagatik. Kultura garaikidearen nazioarteko zentroak agertu duenez, hasieratik izan du Sedenako langileentzako lan baldintzak hobetzearen aldeko jarrera, eta enpresaren eta langileen arteko negoziazioa bultzatu du, «gatazkaren konponbide bakarra» dela ulertuta.