NAIZ

Hemezortzi gaztek praktikak egingo dituzte arrantza ontzietan, Itsasoratu ekimenaren baitan

Uda honetan, guztira 18 gaztek zabalduko dute Pasaiako, Bermeoko eta Ondarroako arrantza eskolan jasotako prestakuntza eta lehen eskutik ezagutuko dute itsasoan lan egitearen esperientzia. Lakuaren Itsasoratu ekimenaren bitartez sektorea gaztetu nahi da.

Hegaluzearen kanpainako argazkia, Getarian ateratakoa.(Gorka RUBIO/FOKU)
Hegaluzearen kanpainako argazkia, Getarian ateratakoa.(Gorka RUBIO/FOKU)

Laugarren urtez jarraian, aurten ere iragarri dira Itsasoratu programaren laguntzak, Lakuaren ekimenez. Uda honetan, 18 gazte barneratuko dira arrantza ontzietan prestakuntza egonaldiak egiteko. Hauek, Pasaiako, Bermeoko eta Ondarroako arrantza eskoletan jaso dute prestakuntza eta orain, lehen eskutik ezagutuko dute itsasoan lan egitearen esperientzia.

Gazte hauen itsasoratzea ahalbidetzeko prest agertu dira 15 armadore, beraien itsasontzietan praktikak egin dezaten.

Honen helburua da sektorean gazteen enplegua bultzatzea eta arrantza ontzietako lantaldea gaztetzen laguntzea, honen bitartez belaunaldi erreleboa bermatzen laguntzeko.

2016an jarri zen abian, eta harrez gero 83 gaztek eta 70 armadorek parte hartu dute programan. 12 izan ziren ekimenaren lehen urtean praktikak egin zituzten gazteak; 2017an, igoera nabarmena eman zen (29) eta iaz, apur bat jaitsi zen parte-hartzea (24). Aurten beheranzko joera baieztatu da. Lakuak bideratutako prentsa-oharrean, gainera, ez da zehazten kopuru horretatik zenbatek jarraitzen duten baporeetan.

Plan-estrategikoaren oinarria

Itsasoratu programa hau Lakuak 2015-2021 eperako landu duen Arrantza eta Akuikulturako Plan Estrategikoaren oinarrietako bat dela nabarmendu dute. Plan estrategiko honen helburu nagusiak sektorea gaztetzea eta profesionalizatzea baitira.

Laguntza hauen finantzaketa osoa EAEko Aurrekontu Orokorretatik bideratzen da eta 2019. urteko ekitaldirako 100.000 euro bideratuko dituzte. Lau urte hauetan, orotara 500.000 euro inguru bideraratu dira programa honetara.