NAIZ

200 baltsa baino gehiago eta 1.500 lagunetik gora, Donostia abordatzera

Goiz-goizetik, tarteka euripean, ekin diote Donostiako kaian baltsak muntatu eta apaitzeari, 17.00etan abiatuko duen Abordatzea egiteko. Aurtengoan 203 baltsa eta 1.500 parte hartzailetik gora zenbatu dituzte Donostiako piratek.

Gazteak, jo ta ke lanean gaur goizean kaian. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)
Gazteak, jo ta ke lanean gaur goizean kaian. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Eguraldia nahi baino freskoago den arren (ez dirudi 20 graduetatik pasako denik), tartean euri tanta batzuk barne, Donostia abordatzeko lanak ez du etenik goiz honetan kaian. Donostiako piratek jakinarazi dutenez, aurtengoan 203 baltsa itsasoratuko dira, 17.00etatik hasita, Kontxako hondartzara iristeko helburuz baina batez ere ofizialaren aurrean beste jai eredu bat izan badela erakusteko grinaz.

Partehartzeari dagokionez, 1.500 lagunetik gora bilduko dituela ekimenak aurreratu dute.

Dena prest izan dadin, goizean goizetik dabiltza lanean, burubelarri. Jarraibideak berretsi ditu antolakuntzak, segurtasun arlokoak gehienak, dena ustekaberik gabe garatu dadin. Hasteko, ekitaldian parte hartzeko, 16 urtetik gorakoa izan behar da (pirate txikiek ostegun goizean izango dute beren abordatzea) eta igeri egiten jakin.

Antolatzaileei kasu egitea, elkar laguntzea, materiala zein zaborra jasotzea eta uretara saltorik ez egitea dira beste jarraibideetako batzuk.

Materialari dagokionez, sofarik, aulkirik edo somierrik ez erabiltzeko eskatu dute. Bidoirik ere ez. Eta jakina, tirafondorik, iltzerik eta bengalarik ere ez, guztientzat dakarten arriskua dela eta.

17.00etan jaurtiko da suziria, itsasoratzea abian jarriko duena, eta ordubetean-edo luzatuko da festa. Baina gero ere izango da zerekin gozatu Flamenkan: Kontxatik kalejiran itzuliko dira 19etan, 20.00 McOnak-en kontzertua iragarria da eta gauean (23.05etan, suak bukatu ondoren) Physis versus Nomos and Bi Zaldi.