Bandera gorriak gaur hiru hondartzetan, uraren kalitate txarragatik

Zumaiako Santiago, Getariako Gaztetape eta Mutrikuko Saturraran hondartzak itxita daude gaur, bandera gorria ezarrita, uraren kalitatea txarra delako. Arabako Omecillo ibaian, bestalde, ikerketa zabaldu dute.

NAIZ|2019/08/13 14:10

Gipuzkoako hiru hondartzatan bainua hartzea debekatu dute astearte honetan, abuztuaren 13an, eta ondorioz bandera gorria daukate, urak duen kalitate txarragatik. Hainbat erakundek jakitera eman dutenez, kaltetutako hondartzak Zumaiako Santiago, Getariako Gaztetape eta Mutrikuko Saturraran dira.

Zumaiako Udaletik adierazi dutenez, Santiago hondartzaren kasuan, Gasteizko Jaurlaritzako Osasun Sailak egindako analisiek adierazten kutsadura muga gainditu duela uraren egoerak eta segurtasun neurri gisa bandera gorria ezarri dute hondartzan.

Gipuzkoako Gurutze Gorriak, bere aldetik, Getariako Gaztetape hondartza uraren kalitate txarragatik bainura itxita dagoela azaldu du; Foru Aldundiak, berriz, Mutrikuko Saturraran hondartzan ere bandera gorria jarri duela adierazi du.

Bergondan

Bestalde, Zadorra Bizirik elkartearen salaketa publikoaren ondoren jakin da URA ajentziak ikerketa egiteari ekin diola Omecillo ibaian, Bergodan hain zuzen ere, abuztuaren 4ean eta 5ean agertzen zuen zikinkeria zerk eragin zuen jakiteko.

URAk esan duenez, hasierako azterketa baten ezin izan zen arrazoia aurkitu eta astelehen honetan berriro han lanean egon dira teknikoak, isuriren bat gertatu ote den egiaztatzeko asmoz.

Kasu hauetan, ahalik eta lasterren 112 zenbakira deitzeko beharra nabarmendu du ajentziak, isuri horiei aurre egin eta errudunak identifikatzeko guztiz premiazkoa baita.