Bizkaiko basoetan lindano dosi handien berri eman diote Fiskaltzari

Ekologistak Martxan kolektiboak salatu duenez, Lemoizko ondoko Jata basoan zein Enekurin lindano dosi handiak aurkitu dituzte. Fiskaltzari helarazi dizkiote laginak eta osasun publikoa arriskuan dela nabarmendu dute.

NAIZ|2019/08/13

Agerraldia egin du gaur asteartean Ekologistak Martxan elkarteak, beste behin ere lindano hondakinei buruz ohartarazteko. Izan ere, azkeneko bi urteotan Jatan eta Enekurin aurkituriko milaka eta milaka kiloak gogoan direla, toki berdinetan aztertu duten egurra kutsaturik ageri da berriz.

Javier Vazquez Ekologistak Martxaneko eledunak ondorioztatu duenez, «pozoina hedatzen ari da» egurraren bitartez.

Arazoa ez dela soilik ingurugiro arlokoa nabarmendu du elkarteak, osasun publikoari eragiten diola baizik. Hau dela eta, «premiazko neurriak» eskatu dizkiete erakunde ezberdinei, eta Europar Legebiltzarrak jarritako erizpidea ekarri dute gogora, honek lindanoaren aurkako jokabide okerrena ezer ez egitea dela adierazia baitu.

Ekimen juridikoak hartzea ez du baztertzen Ekologistak Martxanek, eta hemen bereziki Lakuako Gobernuari begiratu diote, zabortegi horiek ezagutzen zituela eta «30 urtetan ez duela inolako neurririk hartu» ziurtatuz.

Pasa den urtarrilean gogor salatu zuen talde honek Lardazabale zabortegi zaharrean aurkitutakoa: milaka kilo lindano lurperaturik. Orduan Javier Vazquezek ziurtatu zuenez, «lekukotasunak eta agiriak ditugu Jatan izugarrizko isurketa gertatu zela erakusten dutenak, eta okerrena da Administrazioak jakin badakiela».